izena: Zer izen du? Nola deitzen da? Nola du izena?

Galdera

Zein da norbaiten edo zerbaiten izena galdetzeko esaldi zuzena?

Erantzuna

Hauek dira izena galdetzeko era zuzen-egokiak: Zer izen du? Nola du izena? Nola deitzen da? Nola deritza? Nola deritzo? Zelan du izena?
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua begiratzen baduzu Interneten, hauxe da, besteak beste, izen sarreran aurkituko duzuna:
izena izan: nola du haur honek izena? Xabier du izena.
Bestalde, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delako liburuak (ikus 2012koaren 442. or.), adibide hauek dakartza, besteak beste, izen sarreran: Senarrak Iñaki du izena. Sebastian du izena, ez dakit abizena. Bernabe izena eman zioten. Xegundo izena hartu zuen. Hemendik aurrera Joan izango duzu izena. Izena eta izengoitia.
Gainera, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delako liburuak (ikus 2012koaren 172. or.), adibide hau dakar, besteak beste, deitu 2 sarreran: Izaskun deitzen da, baina Ixaxkun deitzen diote.
Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako iritzi (deitu) sarrera.

Data: 20151201
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.