bere, beren

Galdera

Zuzena al da ikasleak bere gurasoekin etorri ziren esatea beren gurasoekin esan ordez?

Erantzuna

Bai; izan ere, pluralean erabiltzeko, forma biak zuzenak dira: bai singularrekoa (bere) eta bai pluralekoa (beren).
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delako liburuan (ikus 2012koaren 119. or.), hauxe da, besteak beste, bere sarreran datorrena:
bere 1 haren-ek hartzen duen era, perpauseko nor, nork edo nori-ri dagokionean (pluralean bere zein beren). Andoni bere etxera eraman nuen. Bere gain hartu duen lan eskerga. Besteek, beren aldetik, berdin egin dute. Mairuak beren turbante zuriekin sartu ziren.
Adibide horietan, singularrean bere ageri da eta pluralean beren; baina Orotariko Euskal Hiztegian hainbat esaldi ageri dira (gehienak Iparraldekoak) pluralean bere soila dakartenak: Xoriek ere dituzte bere egoitzak airean. Bere denbora guzia progotxozki enplegatzen zuten. Ereman baitzuten berri handi hori bere herrietarat. Zeren burasoek bere gutizien eredura utzi zituzten ibiltzera.
Beraz, pluraleko hirugarren pertsonan, bere, beren edo euren erabil daitezke. Hala ere, egokiena litzateke singularrerako bere eta pluralerako beren edo euren bereiztea.
Horrez gainera, ikus JAGONETeko datu-base honetako X-en burua sarrera.

Data: 20151126
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.