hark/berak; haren/bere

Galdera

Zuzena al da berak izenordainaren erabilera bi esaldi hauetan?
- Amak denok maite gaitu, eta berak maite gaituen bezala elkar maita dezagun nahi du.
- Amak denok maite gaitu, eta berak bezala maitatu nahi nuke.

Erantzuna

Bigarrena ez da zuzena; izan ere, zuzena izateko, berak izenordainak aipatzen duen pertsona edo izakia esaldiko NORK osagaia izan behar du, esaldiko NORK sintagmaren erreferentziakidea. Beraz, hauek dira erabilera zuzenak:
- Amak denok maite gaitu, eta berak maite gaituen bezala elkar maita dezagun nahi du. (nahi du amak, berak=amak)
- Amak denok maite gaitu, eta hark bezala maitatu nahi nuke. (nahi nuke nik, hark=amak)
- Amak denok maite gaitu, eta amak bezala maitatu nahi nuke.
Erreferentziakidetasun horren lekuko, hona Euskal Gramatika Laburra liburuko 72. orrialdetik hartutako adibide hauek:
- Miren bere etxera joan da. (Mirenen etxera)
- Miren haren etxera joan da. (beste norbaiten etxera)

Data: 20140318
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna