Euskal Corpus Onomastikoa egitasmoa

Euskal Corpus Onomastikoa euskal izen bereziek euskaraz izan behar duten erabilera egokia finkatzeko tresna izateko asmoz abiatutako egitasmoa da. Horretarako, datutegi bakar batean jaso nahi dira, albait modurik exhaustiboenean, izen horien lekukotza dokumental historikoak eta gaurko erabilera. Datu horiek aurrean, Onomastika batzordeak bere arloan hartuko dituen erabakiak oinarri sendoagoa izango dute eta erabiltzaileek argiago izango dute jarraitu beharreko bidea. Corpusak hiru atal nagusi ditu: ponte-izenak, deiturak eta toponimoak (Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak). Datu-base handi honen iturri nagusiak lan dokumentalak, literarioak, historikoak, etnografikoak, kartografikoak... izaten ari dira.

Euskal Corpus Onomastikoa (ECO) izeneko egitasmoa Onomastika batzordeak esku artean dituen egiteko nagusietako bat da. Bere xedea ahalik eta datu-base osoena sortzea da, izen bakoitzari dagozkion datuak etengabe emendatuz eta aberastuz. Datu-base hau Batzordearen lan tresna garrantzitsua izatea espero da, hala Euskaltzaindiaren lan propioetarako, nola erakundeetatik nahiz partikularrengandik iristen zaizkion kontsultei erantzuteko. Eguneroko eskari eta kontsultei erantzuteaz gainera, Batzordeak ikerketa lan lokalagoak eta sakonagoak sustatzen, bultzatzen eta laguntzen jarraituko du, besteak beste era horretako ikerketa-lanak ECO datu-basea berme handiz elika dezaketen iturriak izaten direlako.