Euskara batuaren hiztegia zientziazko, teknologiazko eta jakintzako terminoez aberasteko asmoarekin, Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko egitasmoa eratzea erabaki zuen 2007an Euskaltzaindiak. Arlo horietako hitz oinarrizkoak bildu eta aztertu ondoren, Hiztegi Batuan txertatuko dira.

Euskaltzaindiak, oro har, literaturan (liburu, aldizkari, egunkariak...) gehien erabiltzen diren hitzak bildu eta hautatuz egin du orain arte bere Hiztegi Batua. Halere, hitz horiez gainera, gaurko munduan badira edozein pertsona eskolatuk erabili behar dituen nazioarteko teknizismo eta berba zientifikoak ere, horiek agerkarietan gutxiagotan agertu arren (akriliko, epizentro, hominido, infinitesimal, kardiobaskular, kolesterol, magmatiko, perigeo, pleistozeno, telehitzaldi...) baina kulturan zein irakaskuntzan-eta nahitaezkoak. Horiexek dira, bada, geuk bildu nahi genituzkeenak, Hiztegi Batua osatzeko.