Orotariko Euskal Hiztegia (1987-2005) amaitu ondoren, Euskaltzaindiak euskara-euskara hiztegia egitea erabaki zuen, Hiztegi Batuan argitaratutako hitzekin eta formekin, bakoitzaren adieraren azalpenarekin eta adibideekin hornituta. Euskaltzaindiaren hiztegia. Adierak eta adibideak da egitasmoaren izena.

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoa Euskaltzaindiak hiztegigintza-arloan egiten dituen lanen azken katebegia da. 1984an Orotariko Euskal Hiztegiari ekin zion. Hiztegi horrek euskara idatzian mendez mende erabili diren hitzak biltzen ditu. 2005ean ikusi zuen argia lehenbizikoz 16 liburukitan bilduriko 14.000 orrialdetan. Geroztik eduki hori txukuntze- eta osatze- lanetan dihardu eta akademiaren webgunean dago kontsultatzeko eta eskuratzeko moduan. XX. mendeko euskara idatziaren corpus estatistikoa, berriz, 1986an hasi zena, ere webgunean dago. 2008tik hona, Lexikoaren Behatokia izeneko corpusean gaur egungo testuak biltzen ditu. Lan desbribatzaile horietan oinarriturik, 2000. urtean Hiztegi Batuaren lehen 20.000 hitz-forma arautuak argitaratu zituen eta 2012an beste 20.000.

Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoaren lehen emaitza paperean argitaratu zuen 2012an Hiztegi Batuko lehen 20.000 formak gramatika-kategoriaz, aditz-erregimenez, euskalki-markaz, eremu-markaz, definizioz, erreferentzia gurutzatuz eta adibidez horniturik. Hurrengo helburua Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko 20.000 formak era berean lantzea da. Hori lortzeko lanean ari da erredakzio-taldea, Batzorde Ahaldunduari lehenbizi eta Osoko bilkurari ondoren onespen-eske aurkezteko eta azkenean euskal gizarteari eskaintzeko.