• Euskara Batua ofizialki 1968ko urrian sortu bazen ere, lauzpabost urte lehenago ernaldu zela esan liteke, Arantzazuko Biltzar Nagusian ontzat emandako oinarrietarik asko 1964ko abuztuaren hondarrean finkatu baitziren, Baionan.

    baiona erabakiak

 

Txillardegi zenak –ordurako euskaltzain urgazle, idazle goraipatu eta ekintzaile– denbora luzea zeraman euskara idatzia arautu eta homologatuko zuen ekimenaren eskean, baina ezin lorturik, bere kasa heldu zion gaiari. 1963ko azarotik hasi eta Baionako Biltzarra burutu bitartean, ia urtebetez alegia, zazpi lagun batu zitzaizkion astero-astero. Idazle ziren denak, baita indar politiko euskaltzale guztien ordezkari ere, aldez edo moldez: Eneko Irigarai eta Txillardegi (ETA); Telesforo Monzon eta Jesus Solaun (EAJ); Jean-Louis Davant (Enbata); eta azkenik, Roger Idiart eta Andiazabal apaizak, Elizaren izenean. Gerora, Jean Hiriart-Urruty eta Pierre Lafitte bera ere batu zitzaizkion azken multzoari.

Cordeliers karrikako 14.ean biltzen ziren, Baiona Ttipian, Enbata mugimenduak zuen egoitzaren aldamenean hain zuzen ere, eta Euskal Idazkaritza deitu elkartearen babesean. “Elkarte hura bi aldeetako gazte abertzaleek sortu genuen, kulturaren zerbitzuko, eta uda hartan egin zuen estreina”, azaldu du Davantek.

Txillardegui Ekin Eta
(Txillardegi idazle eta euskaltzain urgazlea)

Zortzi kideak, euskalki guztiak elkarrekin ezkondu eta guztientzako tresna erabilgarria eskaini asmoz, gogotik aritu ziren lanean. Lehenik eta behin, euskara batuak hartuko zuen grafiari erreparatu zioten, baita deklinabideari eta aditz laguntzaileari ere. Orduko hautuak ditugu, besteak beste, bustidura deritzana letra bikoiztuz idaztea (llabur, Maddalen, pottoka…); X eta TX-ren mesedean (goxo, xamur, atxiki, amatxo), “sh”, “ch”, “tch” edota “ch” baztertzea; “mb” eta “mp” ahoskatu ohi dena NB eta NP idaztea (enparantza, enbata, denbora…); R azentudunaren ordez RR hobestea; eta H letra hartzea. Azken erabaki hori dela eta, halaxe zioen azalpenak: “Nahiz euskalki batzuetan ez esan hitz egitean, idazkeran onartu egiten da, H-a gorde duten euskalkien forma eredutzat harturik”; eta gaineratzen: “Euskaldun askok H hori non dagoen ez dakielako, epeka joatea erabakitzen da”. Lehen epean, beraz, bokal berdinen artekoak (mihi, behe) eta bi adiera nahas bereizteko baliagarri zirenak (hura/ura, haur/ahur) aintzat hartzea proposatu zuten, hitz hasierako h-a bigarren epe baterako utzita.

Lanaren emaitza 1964ko abuztuko azken asteburuan aurkeztu zuten ofizialki, Baionan bertan, Pierre Lafitte babesle zutela eta alde bietako berrogei irakasle nahiz idazle ingururen aurrean. Egun zinez bereziak izan ziren Davantentzat. Urte osoko prozesua hutsik egin gabe jarraitu zuen arren, Biltzarra egin zeneko hartan sarrera-hitzaldia irakurri eta ziztu bizian alde egin behar izan baitzuen handik, emaztea lehen alabaz erditzen hasia zelako. Bere idatziaren bidez, etorkizunaren aldarria egin zuen Davantek, egindako lanaren justifikazioaz harago. Amaierako hitz hauexek, aipagarri:

“Batasuna, oroz gainetik eta lehendabizikorik, gure mintzaira maitean finkatu behar dugun oinarria… Batasuna izan dadila, gaur eta gero ere, gure grina, gure kezka, gure arrangura lehena. Batasunari esker, agian luzaz biziko dira gure populua, gure Herria, gure Aberria, beste populu, Herri eta Aberri ororen artean”.

33607029726 eefb2c1e22 b
(Jean-Louis Davanat euskaltzain emeritua)

Baionako Biltzarreko babesle Pierre Lafittek zintzo-zintzo helarazi zituen deliberoak Euskaltzaindira, eta hala, abiapuntu sendo bat jarri zitzaien eskura, aurrerantzean bidea urratu beharko zutenei. Alabaina, ez zen giro. Politikako liskarrek hastapenetik zipriztindu zuten prozesua eta Txillardegik dimisioa eman zuen Baionako Biltzarraren ostean. Beste lau urte eta Koldo Mitxelenaren itzal luzea behar izan ziren politikak bereizi zuena batasunerantz lerratzeko.

Erreportajea: Garbiñe Ubeda

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Agenda

Ez dago gertakaririk egun honetan

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Cub 17 Jagon 6 PR4

    'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'

    Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos

  • 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - IX. liburukia'

    Arduradunak: Adolfo Arejita/ Xarles Videgain

  • 'Esteve Materraren doctrina christiana (1617 & 1623). Edizioa eta azterketa'

    Egileak: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero

  • 'Toponimia de Vitoria - Gasteizko Toponimia VI. Arratzua II'

    Egilea: Elena Martínez de Madina

  • 'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • 'Sociedad y Lengua Vasca en los siglos XVII y XVIII'

    Egilea: Juan Madariaga Orbea

    Argitalpen guztiak ikusi