• Guztira, 517 sarrera eta 165 azpisarrera berri sartu dira, eta beste 381 zuzendu eta osatu.
  • Sarrera berri aipagarriak: ahobatezkotasun; beganismo; bidegorri; blog; blogari; brigadista; burka; buxatu; desizoztu; ehorztetxe; endekapen; etxegabetu; flysch; gay; gospel; hasieratu; iktus; ilegalizazio; imajinario; jasangarritasun; jihadista edo pexmerga.
  • Aldaketa hauek guztiak urtean bizpahiru aldiz eguneratuko den Hiztegiaren bertsio elektronikoan ezarri dira (www.euskaltzaindia.eus).
  • Aldaketa berriak,

IMG 0306
(2016an egindako agerpenaren irudiak. Ordutik, sarean dago Euskaltzaindiaren Hiztegia)

2016an, paperean eta sarean aurkeztu zen Euskaltzaindiaren Hiztegi berria, eta azken aldaketa garrantzitsuak aurtengo otsailean egin izan dira. Otsailetik, forma asko aztertu ditu Hiztegiaren Batzorde ahaldunduak, aldaketa ugari proposatuz. Aldaketa hauek azken lau hilabeteotan egin diren Osoko bilkuretan aurkeztu eta onartu dira. Euskaltzain osoek zerrenda horiek ontzat eman dituzte eta, ondoren, Hiztegiaren bertsio elektronikoan ezarri dira.

Ondorioz, 682 forma gehitu zaizkio Euskaltzaindiaren Hiztegiari. Guztira, 517 sarrera eta 165 azpisarrera berri sartu dira Hiztegiaren bertsio elektronikoan (www.euskaltzaindia.eus), eta beste 381 zuzendu eta osatu.

SARRERAK
Sarrera berri aipagarriak: ahobatezkotasun; beganismo; bidegorri; blog; blogari; brigadista; burka; buxatu; desizoztu; ehorztetxe; endekapen; etxegabetu; flysch; gay; gospel; hasieratu; iktus; ilegalizazio; imajinario; jasangarritasun; jihadista
edo pexmerga.

AZPISARRERAK
Azpisarrera berri aipagarriak: azelerazio angeluar; debuta egin; droga(-)mendekotasun; errugabetasun(-)presuntzio; eskola(-)jazarpen; genero(-)indarkeria; herri(-)galdeketa; hiri(-)hondakin; hitzarmen kolektibo; inguruabar aringarri; inguruabar astungarri; Jehovaren lekuko; kultur etxe; urruntze(-)agindu

Aurrerantzean, urtean bizpahiru aldiz eguneratuko da Hiztegiaren bertsio elektronikoa.

Adibide esanguratsu bat: 'erregistro'
Erregistro (adibide hau erakusteko modukoa da: bi adiera eta azpisarrera bat izatetik, bederatzi adiera eta hiru azpisarrera izatera pasatu da!).

Lehen zegoena:
erregistro 1 iz. Geroko gorde nahi diren datuak biltzeko liburu handia. Erregistro zaharrak atera, orrialdeak pasatu eta liburua itxi zuen atzera.
2 iz. Hizkl. Egoeraren, asmoaren edo gaiaren arabera erabiltzen den hizkera.
jabetza erregistro, jabetza-erregistro Heg. Leku bateko ondasun higiezinen datuak jasotzen dituen erregistroa, ondasun bakoitzaren jabearen izena, haren gainean dituen eskubideak eta zerga-betebeharrak biltzen dituena. Lurrak kutsatuta baditu, Administrazioa jakinaren gainean jarri beharko du eta jabetza-erregistroaren liburuetan lurrak kutsatuta daudela adierazi beharko du.

Sarrera aldatua:
erregistro 1 iz. Geroko gorde nahi diren datuak biltzeko liburu handia. Erregistro zaharrak atera, orrialdeak pasatu eta liburua itxi zuen atzera. Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegora eraman zuten dokumentua. || Enpresa bakoitzak erregistro liburu bat izan beharko du kontratatu edo azpikontratatu dituen langile bakoitzari buruzko informazio guztia jasotzeko.
2 iz. Administrazio publikoan, erregistroak jasotzen eta dokumentu publikoak tramitatzen diren bulegoa. Datu horiek, eskabide arrunt baten bidez, edota erregistro publikoetara jota lor daitezke. Erregistroa zabalik egongo da bederatzietatik ordu biak arte. Erregistroko arduradunak hartutako erabakien aurka errekurtsoa jar daiteke hogeita hamar eguneko epean.
3 iz. Hizkl. Egoeraren, asmoaren edo gaiaren arabera erabiltzen den hizkera. Lagunarteko erregistroa baztertu eta dotore antzean mintzatu edo idatzi nahi dutenean. Ongi menderatzen du gazteen hizkuntza-erregistroa. Esaldi laburrak erabiltzen ditu ahozko erregistrora ahalik eta gehien hurbiltzeko.
4 iz. Mus. Ahots batek edo musika-tresna batek kanta edo jo dezakeen nota altuenaren eta baxuenaren arteko nota-hedadura. Abeslari honek erregistro zabala du eta kantatzeko modu berezia. Berehala nabarmendu zen bluesean, bai tresnak jotzeko zuen trebetasunagatik bai bere ahots-erregistro bikainagatik. Erregistro mugatua duen alboka entzutea ere zoragarria da.
5 iz. Mus. Ahots baten edo musika-tresna baten nota-hedaduran altueraren arabera bereizten diren nota sailetako bakoitza. Bigarren ekitaldiko otoitzean, Vaneef baxuak tinbre ederra atera zion behe erregistroari, baina ozta-ozta ibili zen goi erregistroan. Ezin da ukatu interprete bikaina dela, erregistro ezberdinetan eroso aritzen dena. Jotzeko modu desberdinak daude eta txistuak ere erregistro asko ditu.
6 iz. Mus. Organoetan, tinbre eta kalitate bertsuko soinua ateratzen duten hodien multzoa. Arantzazuko basilikako organoak 41 erregistro ditu.
7 iz. Mus. Zenbait musika-tresnatan, bereziki organoan, erregistro batetik bestera igarotzeko eragiten zaion pieza. Bi lagun behar ziren organistrum delakoa jotzeko; batek biradera mugitzen zuen eta besteak erregistroak jotzen zituen. Organoak pedalak eta erregistroak ditu.
8 iz. Inform. Datu base bateko datu multzoa, beren artean lotura duten eta informazio unitate bat osatzen duten datuez osatua dena. Hamahirugarren kapituluan erregistro-fitxategiak diskoan antolatzeko metodo nagusiak aztertuko ditugu.
9 iz. Inform. Edukiera txikia baina atzipen abiadura handia duen memoria-elementua, informazio esanguratsua aldi baterako gordetzeko erabiltzen dena.
erregistro zibil Heg. Admin. Pertsonen datuak, hala nola jaiotza, heriotza edo egoera zibila, eta horiei buruzko aldaketak jasotzen dituen erregistroa. Gizon transexual bati Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzea onartu dio Gipuzkoako epaitegi batek.
jabetza erregistro, jabetza-erregistro Heg. Admin. Epaitegi-barruti bateko ondasun higiezinen datuak jasotzen dituen erregistroa, ondasun bakoitzaren jabearen izena, haren gainean dituen eskubideak eta zerga-betebeharrak biltzen dituena; erregistro hori gordetzen den egoitza. Lurrak kutsatuta baditu, Administrazioa jakinaren gainean jarri beharko du eta jabetza-erregistroaren liburuetan lurrak kutsatuta daudela adierazi beharko du.
merkataritza erregistro, merkataritza-erregistro Heg. Admin. Enpresetako merkataritza-jarduerak jasotzen dituen erregistroa. Immigrazio zuzendari ohia beste bi enpresaren kide dela jasotzen du Merkataritza Erregistroak.

 DSC0009

38.409 sarrera, 7.150 azpisarrera eta 62.519 adiera
Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoari 2006an eman zitzaion hasiera, Hiztegi Batuaren 2000. urteko argitalpenean oinarriturik. Horrek 2012an paperean argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia eman zuen. Ondoren, Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko formen artikuluak landu ziren eta lehen argitaraldiko hainbat sarrera eta azpisarrera berrikusi eta osatu ziren.

Euskaltzaindiaren Hiztegia 2016ko urrian sareratu zen lehenengo aldiz. Ondotik, beste hitz asko osatu eta zuzendu dira. Azken bertsio elektroniko honetan, 38.409 sarrera, 7.150 azpisarrera eta 62.519 adiera daude guztira.

Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, 1991n hasi, eta etengabe, adieraz, adibidez eta azpisarreraz hornitzen dena. Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Agenda

Ez dago gertakaririk egun honetan

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Cub 17 Jagon 6 PR4

    'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'

    Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos

  • 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - IX. liburukia'

    Arduradunak: Adolfo Arejita/ Xarles Videgain

  • 'Esteve Materraren doctrina christiana (1617 & 1623). Edizioa eta azterketa'

    Egileak: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero

  • 'Toponimia de Vitoria - Gasteizko Toponimia VI. Arratzua II'

    Egilea: Elena Martínez de Madina

  • 'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • 'Sociedad y Lengua Vasca en los siglos XVII y XVIII'

    Egilea: Juan Madariaga Orbea

    Argitalpen guztiak ikusi