• 262 mapaz osaturiko liburuki berri honetan, besteak beste, giza gorputzarekin, janzkerarekin, norberaren buruaren apainketarekin, sexualitatearekin eta haurtzaroarekinzerikusia duten zernahi hitz eta esamolde jaso dira.
  • 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasak' (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede, eta argitaraturiko liburuki guztiak (mementoz, bederatzi) kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren web orrian (www.euskaltzaindia.eus/ehha), 5. eta 6. liburukiko audioekin batera.
  • Adolfo Arejita EHHA proiektuaren zuzendaria: “Tradizioz transmititu den herri-hizkeraren lekuko da Atlasa. Ahozko hizkuntzaren ispilu objektiboa izatea du helburu. Batetik, euskaraz bizi izan den gizartearen -edo gizarteen- bizimodua erakusten digute; bestetik, literatura landuaren eta hizkera aratuaren aurrean, kontrako ispilu modura jokatzen du Atlasak”.
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Berriro ere Euskaltzaindiak euskalgintzaren eta gizartearen eskuetan jartzen du bere lana, uste baitu hori dela bere egitekoa”.
  • Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusia: “Liburuki honen prestakuntzan goi-mailako ikerketa garatu dute Euskaltzaindiko ikerlariek. Gure hiztegiak dituen aniztasun eta ñabardurak metatuz eta aztertuz gero, bilduma honetan azaltzen dira ondare moduan, eta horrek duen balioa ezinbestekoa da”.

    DSC01367
    (Atlasaren mapa erraldoi bat erakutsi dute gaur euskaltzainek eta Laboral Kutxako arduradunek)

Bilbon aurkeztu da, gaur, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) bederatzigarren liburukia, eta horrekin batera argitaratu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Euskaltzaindiak lan mardul, zabal eta aberats hau.

262 mapaz osaturiko liburuki berrian, besteak beste, giza gorputzarekin, janzkerarekin, norberaren apainketarekin, sexualitatearekin eta haurtzaroarekin zerikusia duen lexikoa landu da eta zernahi esparrutako  hitzak eta esamoldeak jaso dira. Batetik, giza gorputzarekin lotutako izenak bildu dira (betazala, ezpainak, altzoa, giltzurrunak, muina...). Bestalde, janzkerari eta apaintzeari buruzko informazio baliagarria ere ageri da (txapel motak, gerrikoak, berokiak, gonak, orrazkerak, alajak...). Orobat, sexualitatea eta haurtzaroa ere aztergai izan ditu liburuki honek eta bi eremu hauetako lexikoa ere jasotzen da (haurdun egotea, jaiotzea, haurtzaroa, bularra ematea...).


Hona hemen landutako gaien zerrenda:

58: giza gorputza: burua (67 galdera)
59: gorputz-enborra eta gorputz-adarrak (86 galdera)
60: elikadura (13 galdera)
61: janztea (7 galdera)
62: jantziak (27 galdera)
63: apaintzea (11 galdera)
64: oinetakoak (9 galdera)
65: sexualitatea, ugalketa (19 galdera)
66: haurtzaroa (23 galdera)


Sareko bertsioa eta soinuak
Mementoz, EHHAren bederatzi liburuki kaleratu dira, eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, bederatzigarrena gaur bertan jarri da publikoaren eskura.

Horrezaz gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean: batetik, liburukien testu osoak PDF formatuan irakur daitezke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun daitezke V. zein VI. liburukiaren audioak ere eskegita daudelako Akademiaren webgunean bertan.

DSC01402
(Xarles Videgain EHHAko arduradun teknikoak Atlas berriaren hiru mapa erakutsi eta azaldu ditu gaurko prentsaurrekoan)


145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.

Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).

- 2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak, honako gai hauek jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.

- Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astegunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.

- Hirugarren liburukian (2011) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.

- Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak), eta, bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.

- Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.

- Seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.

- Zazpigarren liburukiaren (2016) lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburu honetan. Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, bereziki sintaxiari dagozkionak, landu dira.

- Zortzigarren liburukian (2017) 250 mapa argitaratzen dira, eta lexikoaren arloa lantzen da, batez ere, esparru desberdinetako hitzak eta esamoldeak jasotzen direla. Alde batetik, baserriko zenbait lanabesen izenak bildu dira liburuki honetan (sega-potoak, eskubareak, segak...); bestalde, arlo desberdinetako prozesu eta langintzei buruzko informazio baliagarria ere ageri da (ardogintza, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa...), eta nola ez, prozesu hauekin guztiekin loturiko lexikoa ere jasotzen da zortzigarren ale honetan.


OHARRA: Liburudendetan eskura daiteke liburuki berria, edo Euskaltzaindiaren helbide elektronikora idatziz (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.).

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Agenda

Ez dago gertakaririk egun honetan

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Cub 17 Jagon 6 PR4

    'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'

    Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos

  • 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - IX. liburukia'

    Arduradunak: Adolfo Arejita/ Xarles Videgain

  • 'Esteve Materraren doctrina christiana (1617 & 1623). Edizioa eta azterketa'

    Egileak: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero

  • 'Toponimia de Vitoria - Gasteizko Toponimia VI. Arratzua II'

    Egilea: Elena Martínez de Madina

  • 'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • 'Sociedad y Lengua Vasca en los siglos XVII y XVIII'

    Egilea: Juan Madariaga Orbea

    Argitalpen guztiak ikusi