Jakina denez, Euskaltzaindiak Bilbon du egoitza nagusia (Plaza Barria, 15), baina ordezkaritzak ditu Baionan, Gasteizen, Iruñean eta Donostian.
Azkenaldian, Donostiako ordezkaritzaren erabilera bultzatzeko ekimenak sustatu ditu Akademiak, arrakasta osoz. Esaterako, pasa den ostiralean, Gipuzkoako 35-40 euskara teknikari elkartu ziren Luis Villasante Ikergunean -Tolare baserrian-, Aldundiak antolatutako mintegi batean.
Ondorengo hilabeteetan bestelako ekintzak izango dira bertan: adibidez, otsailaren 15ean Elhuyarrekoak joango dira Villasante Ikergunera; eurek egindako proiektu bat aurkeztuko diote euskalgintzari.
Euskaltzaindiaren Euskararen Ikergunea 2011n inauguratu zen. Akademiak Gipuzkoan dituen zerbitzu, egitasmo eta lantalde guztiak batu ziren bertan: ordezkaritza ez ezik, akademiaren hizkuntza kalitate zerbitzua, Joanes Etxeberri egitasmoa (Euskararen Historia Soziala) eta Euskaltzaindiaren Hiztegigintzan lan egiten duten taldeak daude Tolaren -Akademiaren jardunean ezinbestekoak diren bestelako batzorde eta lantaldeak ahaztu gabe-. Eta Ikerguneari 1970etik 1988ra euskaltzainburua izan zen Luis Villasanteren izena jarri zion Akademiak.
(Pasa den ostiraleko mintegia, Donostiako Villasante Ikergunean)