Halaber, eta Vuelta a España-k Bizkaiko lurraldearen eremu zabal bat zeharkatuko duenez, Akademiak gutunak bidali dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari eta Bizkaiko Euskara eta Kultura Foru diputatuari.
Bestetik, aurten Barakaldoko Bilbao Exhibition Center-en antolatuko den MTV Europe Music Awards eta Bilbon jokatuko diren Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketako finalak direla eta, eskaera bera luzatu die Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko alkateei.
Euskaltzaindiak arduradun horiei guztiei gogorarazi die toki "duina eta aproposa" izan behar duela gure hizkuntzak aurten antolatuko diren ekitaldietan, "gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa" izan behar duena.
Euskaltzaindia euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde aholku emaile ofiziala da, Errege Akademia denez gero (1976), eta, Frantziako Errepublikan, Onura publikoko erakunde aitortua da (1995), eta bere egitekoen artean dago herritarren hizkuntza-eskubideak zaintzea. Hortaz, euskal hiztunen eskubideak arretaz zaintzeko eskatu die Ipar zein Hego Euskal Herriko ordezkari publiko eta sustatzaile pribatuei, ekitaldiotan "euskarari zor zaion tokia emanez".
Euskararen Akademiak baikortasunez hartu ditu halako ekitaldiak, euskal ekonomian eragina izan ez ezik, Euskal Herria eta gure hizkuntza eta kultur ondarea nazioartean ezagutzera emateko aukera paregabea dela iruditzen zaiolako.
2018an Euskal Herriko Ipar zein Hegoaldean munta handiko ekintza eta jaialdiak antolatuko direla ikusirik, Euskaltzaindiak zenbait gutun bidali ditu hainbat egitasmotan ardurak izango dituzten antolatzaile eta sustatzaileei. Gutunetan eskatzen die euskarari dagokion tokia emateko ekitaldi horietan guztietan, euskal herritarren hizkuntza eskubideak kontuan hartuz, eta Akademia zeregin horretan laguntzeko prest azaldu da. Euskaltzaindiak baikortasunez hartu ditu halako ekitaldiak, euskal ekonomian eragina izateaz gain, Euskal Herria eta gure hizkuntza eta kultur ondarea nazioartean ezagutzera emateko aukera paregabea direla iruditzen zaiolako.
Ipar Euskal Herriko kasuan, gutunak bidali dizkie, besteak beste, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteari, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteari eta Frantziako Tour-eko zuzendari nagusiari. Bestetik, jakinda Espainiako itzulia Bizkaitik igaroko dela, MTV Europe Music Awards ekitaldi sonatua Barakaldon antolatuko dela, eta, era berean, Bilbon jokatuko direla Europako errugbiko Challenge eta Champions txapelketako finalak, Euskaltzaindiak eskaera bera luzatu die gutun bidez herrialde horretako zenbait ordezkari politikori, hala nola Unai Errementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari, Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako Foru diputatuari, Juan Mari Aburto Bilboko alkateari, Amaia del Campo Barakaldoko alkateari eta Imanol Landa Getxoko alkateari.
Euskararen Akademiak guztiei gogoratu nahi die azken hamarkadetan euskarak izan duen hazkundea. Bizkaiari dagokionez, 2016ko Inkesta Soziolinguistikoak jasotzen du herritarren % 45,3 euskal elebidunak edo elebidun orekatuak direla. Azpimarratzekoa da, baita, gazteen artean bizi den errealitatea, 16-24 adin-taldean dauden gazteen hamarretik ia zazpi (% 66,8) euskaldunak baitira, errealitate hau are baikorragoa dela 16 urtez azpikoen artean. Beraz, Bizkaian antolatu nahi diren ekitaldietan errealitate hau kontuan hartzea eskatu nahi die Euskaltzaindiak halakoen atzealdean dauden antolatzaile eta sustatzaileei.
Igorritako gutun guztietan antzerakoak dira Akademiak egindako eskaerak. Euskaltzaindiari garrantzitsua iruditzen zaio aipaturiko ekitaldien garapenean zein sustapenerako egiten diren askotariko ekimenetan euskarari toki duina eta aproposa ematea -ahozko nahiz idatzizko komunikazioan, seinale eta errotuluetan, webguneetan, publizitatean, harreran, aurkezpenetan eta abarretan-; presentzia hori, gutxienez, gainerako hizkuntzen parekoa izan behar duelarik.