• Aldizkariaren zenbaki berriak Euskal Herriari hain lotuta dagoen musika-tresnari erreparatu dio, gurean izan duen bilakaera aztertuz, akordeoilari ezagunen eta ez hain ezagunen testigantzak baliatuz.
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Aurreratzen dizuet hamabigarren Erlea ere izango dela. Datorren urtean argitaratuko dugu, mendeurrenarekin batera”.
  • Mikel Irizar (Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria): “Etxekoa dugu Euskaltzaindia sorreratik eta lankidetzan ari gara, baita Akademiaren mendeurrenari begira ere”.
  • Bernardo Atxaga (euskaltzaina eta Erlea-ren zuzendaria): “Zenbat akordeoi-jole izan dugun Euskal Herrian barrena, gure herrietan baino ez direnak izan ezagunak. Horiei eskaini nahi izan diegu hamaikagarren ahalegin hau”.
  • Aldizkaria erosteko: sakatu hemen.

    image1 3
    (Joxan Goikoetxea, Mikel Irizar, Bernardo Atxaga eta Andres Urrutia, gaurko agerpenean)

Euskaltzaindiak Erlea aldizkari literarioaren hamaikagarren ahalegina agertu du, gaur, Donostian, Foru Aldundiaren egoitzan. Zenbaki berriak gure herriari hain lotuta dagoen akordeoi edo soinuari erreparatu dio, gurean izan duen bilakaera aztertuz, akordeoilari ezagunen eta ez hain ezagunen testigantzak baliatuta. “Testigantza sakon eta sentiberak daude zenbaki berri honetan –aurreratu du Atxagak-, eta istorio harrigarriak, gure herriaren iraganaren mapa osatzeko ezinbestekoak”.

Horretarako, musikari agerikoei bai, baina ezkutukoei ere erreparatu die idazle asteasuarrak: “Zenbat akordeoi-jole izan dugun Euskal Herrian barrena, gure herrietan baino ez dutenak ospea izan. Horiei eskaini nahi izan diegu hamaikagarren ahalegin hau”. Eta hari horretatik tiraka ageri dira Joxan Goikoetxea, Kaxiano, Josu Zabala, Joseba Tapia, Jabier Muguruza edo Ander Telleria gaztearen profilak, baina, beraien ondoan, hainbeste sona izan ez zuten bestetzuk; esaterako, Xixilio edo Pedro Arbe Patxoa.

Soinu-joleen bizitza eta jardunetik aparte ere badago nahikoa bazka Erlea berrian. Besteak beste, Jean-Louis Davant euskaltzainak Piarres Charritton ohorezko euskaltzainari buruz idatzitako testu mamitsua, non errepasatzen den -bide batez- azken hamarkadetako Ipar Euskal Herriko historia.

Hasieratik sortzaileei emandako tartea gorde du, baita, azken Erleak. Bertan idatzi dute, besteak beste, Gotzon Barandiaran, Castillo Suarez, Luigi Anselmi  edo Ana Malagonek. Erlea 11ren kolaboratzaileen zerrenda ez da hor amaitzen, eta zenbaki honetan parte hartu dute Felix Ibargutxi, Miel A. Elustondo, Idoia Noble, Imanol Pradells, Amagoia Gurrutxaga, Patziku Perurena, Joxe Ramon Arbe, Manolo Martinez, Ramon Irazu, Jone Irazu eta Joseba Luzuriagak. Zenbaki berrian agertzen diren irudiak Juan Sagastizabalenak dira –azala barne- eta, beti bezala, Asun Garikano arduratu da edizioaz. 

JoxasnGoikoetxea MikelIrizar BernardoAtxagaAndresUrrutia

Pobreen musika-tresna
Andres Urrutia euskaltzainburuak Atxagak egiten duen ahalegina goraipatu du agerpenean, eta aurreratu du hau ez dela izango Erlearen azken zenbakia, 2018rako ziztada berri bat prestatzen ari direla esan baitu. “Gure sortzaileen lana batu eta erakutsi nahi dugu, euskal kultura jaso eta gizartearen aurrean proiektatu, eta horixe da Erleak egiten duena”, adierazi du Urrutiak Donostian eginiko prentsaurrekoan. Mikel Irizar Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak egin du anfitrioi lana, eta agerpeneko azken hitzak Joxan Goikoetxea musikariarenak izan dira: “Bisionario batzuk aipatzen dute akordeoia 50 urtetan desagertuko dela. Baliteke. Frantzian, nazio mailako musika-tresna izanda ere, pobreen pianoa deitzen diote. Gerrak, emigranteak,… hori izan da gure unibertsoa. Edonola ere, nik uste pobreek istorio interesgarriagoak sortzen dituztela aberatsek baino, bizitza-ikasketa gehiago ematen dizkigunetak”.

 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

 

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Sierra de Tolono portada

    Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950-1982. Euskarazko antzerki identitarioaren paradigmak

    Egilea: Isabelle Echeverria

  • Amiküze eskualdeko eskuara

    Egilea: Iñaki Camino

  • Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, VIII

    Egilea: Euskaltzaindia. Dialektologia batzordea. Atlasgintza lantaldea

  • Argitalpen guztiak ikusi