Sabino Arana Fundazioak publikatzen duen aldizkariak zenbaki oso bat eskaini dio euskarazko lehen egunkariari.
Gai bakarreko zenbaki honetan EGUNAri buruzko 'Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa' jardunaldiko hitzaldi eta hausnarketak jaso dira. Jardunaldi hori Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen, otsailean.
'Hermes'en 56. zenbakian ondorengo egile eta lanak aurkituko ditugu: Luis Alberto Aranbarri 'Amatiño' ('EGUNA astekariaren eredua'); Joan Mari Torrealdai ('1937ko EGUNAren urteurrena. Egunkariaren aldarria. Euskal kazetaritzan -1976-1986-'). Zertzeladak'; Joseba Agirreazkuenaga ('Egunaren sorrera -1937-, euskaldunon kontakizunean: Ezina egina'); Xabier Altzibar ('EGUNA egunkaria (1937): Zer dakigu idazleez?').
Otsaileko jardunaldian egin zen mahai-inguruan jaso zena ere bildu du Urtzi Urrutikoetxea kazetariak 'Hermes'en, eta, era berean Martxelo Otamendi 'Berria'ko zuzendariak Juan Mª Aburto Bilboko alkateari egindako elkarrizketa ere badakar zenbaki honek. Aburtok berak gogoratu duen legez, "euskara hutsean Bilboko alkate bati egin dioten lehena".
Andres Urrutia euskaltzainburua: "Pozgarria da 'Hermes'ek zenbaki oso bat eskaini izana EGUNAri. 80 urte eta gero, euskara eta euskal kultura bizirik dauden seinale".
56. zenbaki honetan agertzen diren irudi eta ilustrazioak Elisabeth Pérez Fernández, Ruth Juan, Juan Malc eta Aitor Arakistainenak dira.
Guztira, 2.000 ale inguru argitaratuko dira, eta, ohiko banaketaz gain, Bilboko Udalaren Liburutegien sarean ere egongo da eskuragarri.
EGUNA 1937ko urtarrilaren 1ean sortu zen, Gerra Zibila bete-betean zegoela, eta Bilboko Posta kalean izan zuen egoitza. Sei hilabetez iraun zuen, Bilbo Francoren tropek okupatu zuten arte. Guztira, 139 zenbaki argitaratu ziren.