Unibertsitateko irakaslanarekin lotutako askotariko liburuz eta materialez osatua dago dohaintza; horrez gain, berak argitaratutako eta bildutako artikuluak ere utzi dizkio Akademiari, hori dena aztertu, katalogatu eta behin-betiko zerrenda egin dezan.
Koldo Larrañaga Elorza Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen, 1937ko azaroaren 18an. Filologia eta Teologia ikasketak egin zituen Deustun (Bilbo); Elizaren Historian eta Filosofia eta Letretan ere lizentziatua da; ondoren, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean atera zuen doktoretza. Katedraduna da 1989tik, eta Deustun, Bergaran, Zarautzen, Arrasaten eta Araban aritu da, maisu lanetan.
Euskal Herriaren historia sakon ezagutzen du Larrañagak, eta, zentzu horretan, eskolako material ugari ondu du. Ikerlaria ere bada azkoitiarra, eta, besteak beste, Euskaltzaindiak agindutako Euskararen liburu zuria lanean parte hartu zuen. Liburu ugari idatzi du, gehienak Historiari lotutakoak. Tartean, La Real Sociedad Bascongada y la Ilustración; Euskararen liburu zuria (Euskaltzaindia); Euskal Herria Aintzinatean. Materiale eta agiriak (Kriseilu); Erromatarren kolonizakuntza Euskal Herrian (Gero-Mensajero); edo Euskal Herria Antzinate Berantiarrean eta Lehen Ertaroan. Materiale eta agiriak.
1971 eta 1973 bitartean Jakin argitaletxearen Historia sailaren arduraduna izan zen, eta, horrez gain, mintegi eta ikastaro askotan parte hartu izan du.