• Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen berria sinatu dute 2017rako, bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko eta euskararen erabilera sustatzeko. "Agiri honek berresten du Gasteizko Udalarekin aspalditik daukagun harremana eta elkarrekin egin izan dugun lana", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
  • Udalak 63.000 euro emango dizkio Akademiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egin ditzan.
  • 2017an, aurrekoetan bezala, Gasteizko Toponimia bildumaren jarraipena izango da egiteko nagusia, eta zeregin horren garrantzia azpimarratu nahi izan du, gaur, Andres Urrutia euskaltzainburuak, "toponimia baita euskararen historia hobeto ezagutzeko gakoa eta giltza".
  • Gainera, Urrutiak aurreratu du aurten jardunaldiak antolatuko direla Arabako hiriburuan. Besteak beste, euskarak Araban bizi duen egoera aztertuko da jardunaldiotan.
  • Hitzarmenaren harira, Gorka Urtaran alkateak adierazi du Udalak lan egin behar duela hizkuntzaren sustapenean, "baita gizartearen eskubideak bermatzeko arloan ere”.

    IMG 3221
    (Gorka Urtaran eta Andres Urrutia, gaur, Gasteizko agerpenean)

Gaur, Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen berria sinatu dute. Gorka Urtaran alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute dokumentua, Udaletxean. "Agiri honek berresten du Gasteizko Udalarekin aspalditik daukagun harremana eta elkarrekin egin izan dugun lana", azaldu du Andres Urrutiak. Bere aldetik, alkateak zera adierazi du, euskarak “paper garrantzitsua” izan behar duela Euskadiko hiriburuan, eta horretarako, "Udalak hizkuntzaren sustapenean katalizatzaile eta dinamizatzaile gisa” jokatu behar duela esan du, “gobernu-taldea horrekin konprometituta baitago”. “Gurea bezalako erakunde batek gure hizkuntzaren sustapenean lan egin behar du, baita gizartearen eskubideak bermatzeko arloan ere”, agertu du alkateak.

Hitzarmenaren bidez, Euskaltzaindiak aholku emango dio Udalari euskararekin lotutako gaietan, eta hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du. Orobat, kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egingo ditu. 2017an, aurrekoetan bezala, Gasteizko Toponimia bildumaren jarraipena izango da egiteko nagusia. 1996an abiatu zen proiektua, orduan sinatu baitzuten Udalak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lehen lankidetza-hitzarmena; horren bitartez, orain arte dozena erdi liburuki argitaratu dira ‘Onomasticon Vasconiae’ bilduman. Patxi Salaberri euskaltzainak eta Elena Martínez de Madina teknikariak zuzentzen dute Henrike Knörr gogoratuak bultzatutako proiektua. Urrutiak lan mardul honen garrantzia gogoratu nahi izan du gaurko agerpenean, "toponimia baita euskararen historia hobeto ezagutzeko gakoa eta giltza". Gainera, euskaltzainburuak aurreratu du aurten jardunaldiak antolatuko direla Arabako hiriburuan. Besteak beste, euskarak Araban bizi duen egoera aztertuko da jardunaldiotan.

IMG 3203
(Euskaltzaindiko ordezkariak Gasteizko alkatearekin batzartu dira, gaur)

Euskara, lehentasuna
Ostean, Gorka Urtaranek gobernuak euskararekin duen konpromisoa azpimarratu du, eta Gasteiz euskaldun baten alde egindako apustua gogorarazi. “Euskara lehentasunezkoa da gobernu honentzat”, nabarmendu du. asteizko alkateak, besteak beste, helburu hauek azpimarratu ditu euskarari dagokionez: euskarazko kultur programazioa zabaltzea; hizkuntzarekin lotutako politikak eta jarduerak ikusaraztea; eta euskara udal jarduera guztietan integratzea.

Horretarako, Gasteizko Udalak 63.000 euro jarriko ditu, Euskara Zerbitzuaren aurrekontutik. Ordainez, 2017ean Euskaltzaindiak prest izango du VI Arratzua II argitalpena. Horretarako, urtean zehar beste zenbait lan ere egingo ditu: Argandoña, Andollu eta Billafranka inguruetako deskribapenak eta inkestak; Bolibar, Uribarri Nagusia eta Askartzaren azken idazketa eta mapen prestaketak; Aberasturi, Argandoña, Andollu eta Billafrankaren inguruko azken idazketa eta ortofotoen prestaketa; Gamiz eta Arkaia herrietako mapak lantzea; Arkauti, Elorriaga, Betoñu, Otazu, Gamiz eta Arkaiako toponimoak jasotzea; Arratzuko datu-basea sortzea eta Arratzuari dagokion liburukia CDn argitaratzea; eta beste zenbait zuzenketa, bibliografia, laburdura, zerrenda eta maketazio lanak. Arratzua II argitalpenaz gain, Arratzua IIIan jasoko diren zazpi herrietako datu-basea sortzeari ekingo dio. Zazpi herri horiek Zerio, Ilarratza, Jungitu, Lubiano, Matauku, Oreitia eta Uribarri Arratzua dira.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

 

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Sierra de Tolono portada

    Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • Piarres Larzabalen antzerkigintza: 1950-1982. Euskarazko antzerki identitarioaren paradigmak

    Egilea: Isabelle Echeverria

  • Amiküze eskualdeko eskuara

    Egilea: Iñaki Camino

  • Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, VIII

    Egilea: Euskaltzaindia. Dialektologia batzordea. Atlasgintza lantaldea

  • Argitalpen guztiak ikusi