Hiztegi juridiko-parlamentarioa aurtengo udazkenean aurkeztuko da
1.400 hitzetik gora izango ditu eta argitalpena baliabide informatikoen bidez egingo da
Hiztegiaren ahaleginak Hego Euskal Herriko bost administrazioak batu ditu: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Parlamentua, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko batzar nagusia
Gaur, uztailak 22 dituela, oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaren azken aurrerapenak aztertu ditu Akademiak, Gasteizen eginiko Osoko bilkuran. Goizeko hamarretan hasi da saioa, baina aurretik harrera ofiziala egin die Joseba Perez de Heredia Arabako Euskara saileko zuzendariak bertaratutako euskaltzainei.
“Ohore handia da guretzat Akademiaren Osoko bilkura hartzea”, esan du Perez de Herediak, eta opari berezi bat egin dio Euskaltzaindiari: hain zuzen, Lazarraga eskuizkribuak-en faksimilea. Modu berean, eta Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak Axularren Gero-ren faksimilea pergaminoan eta Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-ren edizio berritua oparitu dizkio Aldundiari. Arabako Foru Aldundiaren egoitzan dagoen Jose Antonio Agirre lehendakaria gelan egin den bileran Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa (EHHE) ere aurkeztu da.
Bata zein bestea egitasmo garrantzitsuak dira Akademiaren jardunean. Zentzu honetan, gogoratu behar da hiztegi juridiko-parlamentarioa osatzeko ahaleginak adostasun historikoa ekarri duela, bere garaian Akademiak eta Eusko Legebiltzarrak sinatutako akordioak bestelako atxikimenduak jaso dituelako harrezkero (hain zuzen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiena, eta Nafarroako Parlamentuarena).