Bihar, martxoaren 22an, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Julita Berrojalbiz kalea inauguratuko du, Bilbo eta Bizkaiko ikastolen aldeko mugimendua bultzatu eta Lauro Ikastola sortu zuen andereño historikoaren omenez.
Ekitaldia goizeko 10:30ean izango da eta Udalaren ordezkari eta Berrojalbizen senideez gain, kaleari Berrojalbizen izena emateko proposamena sustatu zuten Euskaltzaindiko eta Lauro Ikastolako kideak izango dira.
Kalea Mallonako galtzaden ondoan dago eta orain arte Aita Remegio Vilariño izena izan du. Euskaltzaindiak eta Laurok eginiko proposamenak herritar askoren babesa izan zuen. Udalak berak jakinarazi zuenez, proposatutako izenen artean, herritarrek gehien hobetsi zuten izena Julita Berrojalbiz izan zen, 235 lagunek aukeratuta.
Aurten bete dira 50 urte Lauro ikastola legeztatu zenetik (orduan Resurección María Azkue Ikastola zuen izena). Eskariak gogoan du: "Estatuan euskaraz irakasteko baimena -hizkuntza ofiziala ez zen beste hizkuntza batean ere irakasteko baimena- lortu zuen lehen ikastetxea izan zen Resurección María Azkue Ikastola. Hori lortzeko, Alfontso Irigoien Euskaltzaindiko orduko idazkariak, bai eta Julita Berrojalbizek ere hainbat gestio egin behar izan zuten Espainiako Hezkuntza Ministerioan; ahalegin horretan Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere izan zuten".
Otsailaren 23an eginiko ekitaldian ikastolaren sortzaileak omendu zituzten, Bilboko Arte Ederren Museoan eginiko ekitaldian. Ondoren, Bilboko Elkano kalean 1966. urtean ikastola kokatu zen etxeko atarian plaka bat bistaratu zuten.
Euskaltzaindiak eta Lauro ikastolak sinatutako eskarian azaltzen denez, "Julita, bestalde, Ikastolaren sortzaile eta zuzendari izateaz gain, inguruan sortu ziren beste ikastolen laguntzaile eta bultzatzaile ere izan zen. Hala nola, Algortako San Nikolas, Deustuko ikastola, Artxandapeko Ikastola, Portugaleteko Astileku, Lekeitioko Resurrección Maria de Azkue, Markinako Zerutxo, Santutxuko Karmelo, Bermeoko Eleizalde eta abar. Euskaltzaindiak, eginiko lanak aitortu nahian, euskaltzain urgazlea izendatu zuen 1967an, eta ohorezko euskaltzaina 1998an".
Bestalde, Euskaltzaindiak otsaileko Osoko bilkurak Lauro ikastolan egin zuen.