Franz Kafkaren Metamorfosia liburuak 100 urte bete ditu. Hori dela eta, Bilbo Zaharra Forumak itzulpengintzari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Bilbon izango dira, Euskaltzaindiaren egoitzan, martxoaren 1etik 3ra, iluntzeko 19:00etan.
Bihar, martxoaren 1ean, "Hirugarren itzulpenaren aurkezpena" izenburupean, Kafkaren obra euskaratu duten hiru itzultzaileak izango dira mahai berean: Xabier Kintana, lehen itzultzailea. 1970ean Itxura aldaketa (Kriseilu) izenarekin kaleratu zuen; Rufino Iraola, bigarrena. Metamorfosia (Hiria) 2000. urtean argitaratu zuen; eta Anton Garikano, hirugarrena. Aurten kaleratu du Metamorfosia, Erein argitaletxearen eskutik.
Asteazkenean, martxoaren 2an, "Itzulpena, bidaia baten itzulera" mintzaldia emango du Anjel Lertxundi idazle eta itzultzaileak.
Eta ostegunean, hilaren 3an, Xabier Olarra eta Joxe Austin Arrieta "Joyce eta Proust ere, euskaraz" gaiaz ariko dira. Olarrak Joyceren Ulises euskaratu du (2015, Igela) eta Arrietak Prousten Denbora galduaren bila I: Swann-enetik (2010, Alberdania - Elkar).
Bilbo Zaharra Forumek antolatutako ekitaldiek Euskaltzaindia izan dute laguntzaile hasieratik. Bi erakundeok lankidetza-hitzarmena sinatua dute, elkarlanean aritzeko.