Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa hizpide izango da datorren asteartean, otsailaren 9an, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean egingo den jardunaldian.
Izan ere, egun horretan, 10:30ean, Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa liburua aurkeztuko dute hedabideen aurrean Euskaltzaindiak, Donostia 2016 Fundazioak eta Kutxa Fundazioak. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak, Antonio Campos Kutxa Fundazioaren ordezkariak eta Mikel Zalbide EHS egitasmoaren zuzendariak aurkeztuko dute.
Ordubete geroago, 11:30etik 13:30era, elkarte, erakunde, euskaltzain eta soziolinguistikan adituei zuzenduta, izen bereko mintegia egingo dute. Arestian aipatutakoekin batera, Lionel Joly eta Nikolas Gardner EHSko teknikariek parte hartuko dute. Amaieran hitz egiteko aukera izango dute mintegira joandako guztiek.
Euskararen Historia Soziala lantzeko eredu metodologikoa liburua Euskaltzaindiaren Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoa aurrera daramaten Mikel Zalbidek, Lionel Jolyk eta Nikolas Gardnerek idatzi dute. Metodologia-liburua da; hizkuntza-soziologiaren eta soziolinguistikaren teorietan oinarritzen da, batez ere, metodologia hori. Hizkuntzen gizarte-dimentsioaren historia aztertzeko prestatu da berariaz.
Liburuak 750 orrialde ditu. Hizkuntzen Historia Soziala oro har, eta Euskararen Historia Soziala bereziki, lantzeko bide egituratua -bide egituratu posibleetariko bat- azaltzen da bertan. Proposamen teoriko-metodologiko hori osatzeko, nazioarteko testuinguru epistemologikoa berariaz aztertu dute autoreek.