Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak argitara eman duten Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren azken edizioa itzultzaileen eskuetara heldu da. 2015eko abenduaren 3an Gasteizen aurkeztu zuten bi erakundeok eta ondoren itzulpen lanak egin dituzten lagunei helarazi zaie. Jerusalemeko bere etxean, liburua eskuan duela, Mordechai Mixor hebreerazko itzultzaileak argazkia bidali dio Euskaltzaindiari.
Edizio berriak beste sei hizkuntzatara ekarri du Etxepareren lana: poloniera, hebreera, finlandiera edo suomiera, nederlandera, georgiera eta errusierara. Itzultzaileak honako hauek izan dira: Wim Jansen (nederlandera), Hanna Lantto (finlandiera), Salome Gabunia eta Natela Sturua (errusierara eta georgiera), Dorota Krajeswska (poloniera) eta Mordechai Mishor (hebreera).
Mordechai Mishor Hebrear Hizkuntzaren Akademiako kideak Euskaltzaindiari jakinarazi dionez, edizio berriarekin oso pozik gelditu da. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariaren esanetan, "dakusagunez, badabil, bai, Etxepare munduan zehar, eta euskara ere bai, berak nahi zuenez".