Gaur, urtarrilaren 21ean, Araba / Álava. Los nombres de nuestros pueblos liburua aurkeztu da Gasteizen, Arabako Foru Aldundian. Liburuak Arabako toponimia nagusia aztertzen du eta Euskaltzaindiaren Izenak bildumaren barruan argitaratu da, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Egilea Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain eta Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko burua da.
Salaberrirekin batera, Igone Martinez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkeztu dute.
Toponimiaren garrantzia -eta liburuak egiten duen ekarpena- azpimarratu dute Martinez de Lunak eta Urrutiak. Foru diputatuaren esanetan, azken urteotan, Arabako toponimia nagusia normalizazio prozesuan murgilduta dago eta erakunde publikoak prozesu horren sustatzaileak dira. “Babes horren erakusle bikaina da argitalpen hau -gaineratu du- Arabako toponimia nagusiko izenei ikuspegi global batetik heltzen dien lan mardula baita. Hala ere, gure kasuan, administrazioaren eguneroko jardunean toponimo horiek jarduera administratiboko idazkietan, aldizkari ofizialetan, seinaleetan, paneletan, argitalpenetan geure egiten ditugu”.
Euskaltzainburuaren esanetan, bestalde, gaur aurkeztu den liburua “eskertzeko modukoa da, batetik, gogora ekartzen dizkigu Arabako izenak, modu adierazgarrian ikertuak eta azalduak; bestetik, tresna baliotsua ematen dio Akademiari euskararen normalizazio lanean jarraitzeko, Arabako toponimiaren aldetik oinarri funtsezkoak antolatuz”.
520 sarrera baino gehiago
Patxi Salaberrik azaldu duenez, Arabako herri izen guztiak “ukitu ditut. 520 sarrera baino gehiago ditu liburuak, herrienak gehienak, eta bestelako entitateenak zenbait aldiz (Araba, Ergoiena, Gasteiz, Haran, Zuia eta abar). Horietaz landara, hainbat herri husturen izenak ere aipatzen ditut, beste toponimoak aztertzean ongi heldu zaizkidanean (<em<Abitoa edo Abitona, Aiala, Arbelgoihen, Azua, Baternia edo Paternina, Berezeka, Gardelain, Girku, Lupierro, Ribota, Santsoeta, Udala, Urrialdu, Vercijón eta beste). Horretaz gainera, jakina, hango eta hemengo makina bat toponimo aipatzen eta are aztertzen ditut, hizpideak ekartzen dituenean, euskal toponimo deskribatzaileak franko errepikatzen baitira (Lete, Mendibil eta Otazu, adibidez, edo Gordoa, Kordoba -> Cordovilla Nafarroan)”.
Hortaz, liburuan Arabako herrien izenak ematen ditu. Horrezaz gain, izen horien inguruko azalpen guztiak eskaintzen ditu: herriaren izen arautua, dokumentazio aldaerak, euskal mikrotoponimiako lekukotasunak, ebakera eta etimologia biltzen dira gehienetan. Zenbait aldiz, gainera, herritarren izena, euskal testuetan agertzen diren toponimoen aldaerak, alonimoa (herriaren beste izena) eta oharren bat azaltzen dira. Lanaren bukaeran, Salaberrik ondorio linguistikoak atera ditu, hots, euskararen eta gaztelaniaren historiari doazkion kontuak aipatzen ditu.
Bost urte joan dira Patxi Salaberri liburua osatzen hasi zenetik. Gaurko aurkezpenean, bost urte horietan arakatu dituen agiri bildumak aipatu ditu eta ebakerari zein etimologiari dagozkien atalez ere hitz egin du. Elena Martinez de Madina Euskaltzaindiaren Gasteizko toponimia egitasmoaren barnean egiten ari den lana ere goraipatu du, eta baita Roberto González de Viñasprerena eta Arabako toponimiaz arduratu direnena ere (Lopez de Gereñu, Caro Baroja, Koldo Mitxelena, Henrike Knörr eta beste askorena). “Aurre edo prestalan hori gabe -aitortu du- ezinezkoa zatekeen egun aurkezten dugun liburua ateratzea”.
Amaitzeko, honela mintzatu da: “Erran nahi dut liburu hau ez dudala behin betiko lantzat hartzen. Ezta gutxiagorik ere! Zirriborroa da niretako, zirriborro potzoloa hori bai, gai hauek lantzen dituztenek aldatu, zuzendu, hobetu, osatu beharko dutenak”.
Patxi Salaberriren hitzak (PDF, 66,2 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.
Comments
Zalantza, edo hobe esanda, beldur bat badaukat: liburua erdara hutsez idatzita dago?