Orain 50 urte Durangoko Azoka sortu zutenek jaso dute aurtengo Argizaiola saria eta horien artean Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritua izan da. Bere izenean, Leiore alabak eta Joanes bilobak jaso zuten saria, abenduaren 5ean San Agustin Kulturgunean eginiko ekitaldian.
Jose Luis Lizundiarekin batera, honako hauek izan dira omenduak: Rosario Astola -honek ere ez zuen joaterik izan-, Jesus Astigarraga, Koldo Alzibar, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda eta Arrate Salazar. Hauetaz gain, jada gure artean ez dauden gainontzeko Gerediagako sortzaileak ere gogoratu zituzten: Jesus Maria Astola, Bixente Kapanaga, Julian Berriozabalgoitia eta Salvador Solaegi. Guztiei, honela esan zien Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak: "Argizaiola zuentzat, sasoi ilunetan argia izan zinetelako".
Ekitaldian, Karrika Antzerki Taldeak Durangoko Azokaren historia laburbiltzen duen antzezlan bat eskaini zuen.