Nafarroako Urrezko Domina Jose Maria Jimeno Jurio historiagile, idazle, etnografo eta ohorezko euskaltzainari eman diote. Atzo, abenduaren 3an, Elena Aranguren alargunak eta Roldan Jimeno semeak jaso zuten, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko egoitzako klaustroan egindako ekitaldian.
Jimeno Jurio 2002ko urriaren 3an hil zen eta atzo, hil ondorengo saria ematean, honela esan zuen Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak: bere "eredu pertsonal eta zientifikoak betiko iraungo du Nafarroako kulturaren sustatzaile nagusietako baten moduan".
Saria jaso ostean, Jose Maria Jimeno Jurioren senideek hitz egin zuten. Gizon xume baten moduan oroitu zuten -"ez zinen pertsona harroa, ez zenuen saririk nahi"- eta haren biografiaren berri eman zuten. Besteren artean, memoria historikoaren alorrean egin zuen lana ekarri zuten gogora: "Zure ikerketek emaitzak ematen jarraitzen dute, eta zenbait pertsonek beren senideak berreskuratu ahal izan dituzte zuk egindako lanari esker".
Ekitaldian, Andres Iñigo eta Sagrario Aleman euskaltzainak izan ziren.