Bihar, azaroaren 17an, zabalduko da Portugaleteko Santa Klara Kulturtegian Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasari buruzko erakusketa. Arratsaldeko 19:30ean inauguratuko da, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoaren eta Xarles Videgain arduradun teknikoaren hitzaldiarekin. Euskaltzaindiak, Portugaleteko Udalak eta Laboral Kutxak antolatu dute erakusketa.
Erakusketaren izena "Euskara ibiltaria" da. Abenduaren 17ra arte egongo da zabalik.
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:00 - 13:30 ♦ 17:00 – 21:00.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.