Datorren ostiralean, azaroaren 20an, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuta, XX. Jagon Jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, "Hedabideak euskararen sustapenean" gaiaren inguruan. Jardunaldiotan euskal komunikabideek euskararen sustapenean jokatzen duten rola aztertuko da.
XX. Jagon Jardunaldiaren egitaraua. (PDF, 158,1 KB)
Urrats gaitza eman genuen, sinestezina ia. Euskal Herri osora hedatu ziren irratia eta telebista abiarazi zituen Eusko Jaurlaritzak. Euskararen normalizazioan hain beharrezkoak genituen tresnak hortxe genituen! Egia, aurretik bagenituen irrati zenbait euskaraz ari zirenak han eta hemen, baina eremu txikia hartzen zuten. Geroztik etorri dira beste hainbat irrati, nonahi, indar handiz, gainera, Ipar Euskal Herrian eta Iruñerrian, herri telebistak ere baditugu...
Normalizazioan eragitea helburutzat zuen eta Euskal Herri osora hedatu zen telebista eta irrati haiek zertan dira 30 urte geroago? Helburu bera ote dute? Ez al da gogoeta egiteko unea?
Hortik jo, eta euskarazko hedabideen inguruan gogoeta egiteko bidea ikusi dugu jardunaldi honetan.
EITBren ondoren, zortzi bat urte geroago, etorri baitzen Euskaldunon egunkaria herri ekimenak bulkatuta, normalizazioan eragiteko helburu berarekin. Idatzitako komunikabidetan Argiaz landa, ez genuen Euskal Herri osora zabaltzen zen aldizkaririk eta egunkaririk batere.
Hizkuntza politikaren ardura dutenek / dugunok hedabideei zer garrantzi ematen diote /diogu? Hedabide horiek gaur egokiak al dira? Aski? Zertan asmatu dugu? Aldaketarik ez ote dugu behar? Hiztunek zer eskatzen eta nahi dute? Hedabide horietan ari direnek zein zailtasun dute? Nora jo nahi dute? Zein egitasmo dute? Euskaldunak erakartzeko zein bide jorratu nahi dute?
Jardunaldian gogoeta honetan hasi nahiko genuke, herri-erakundeek eta hedabideek hausnarketa horretan jarraituko dutelakoan euskararen erabilera handitzeko asmotan.