Azaroaren 20an, ostiralean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuta, XX. Jagon Jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan, "Hedabideak euskararen sustapenean" gaiaren inguruan. Jardunaldiotan euskal komunikabideek euskararen sustapenean jokatzen duten rola aztertuko da.
XX. Jagon Jardunaldiaren egitaraua. (PDF, 158,1 KB)
Euskaltzaindia hizkuntzaren corpusaz arduratzen da, bai eta berorren estatus sozialaz ere. Hortaz, bi sail ditu, sorreratik bertatik: Iker Saila, hizkuntza lantzen duena, eta Jagon Saila, hizkuntza zaintzea helburu duena. Jagon Sailak bi batzorde ditu: Corpus eta Sustapen.
Sustapen batzordea hizkuntzaren estatusaz arduratzen da eta besteren artean, urtero antolatzen du Jagon Jardunaldia, euskararen sustapenari buruzko gaiez hausnartzeko. Hala, iaz “Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan” gaia jorratu zen eta aurreko hiru urteotan -2011, 2012 eta 2013an- Araban, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskarak duen egoera izan zuten hizpide. Batzordeko kideez gain, kanpoko aditu ugarik hartu izan dute parte jardunaldiotan. Aurten, beraz, "Hedabideak euskararen sustapenean" jardunaldia egingo da. Hiru gai nagusi aztertuko dira:
- Hedabideak eta hizkuntza politika. Patxi Baztarrikak, Mikel Arregik eta Bernadette Soulék parte hartuko dute. Andoni Egaña izango da moderatzailea.
- Hedabideen egitasmoak. Alaitz Artolazabal, Martxelo Otamendi, Iñaki Guridi eta Jose Luis Aizpurua izango dira hizlariak, eta Marijo Deogracias moderatzailea.
- Hedabideen kanpoko begirada. Mahai-ingurua egingo da, solaskide hauekin: Leire Palacios, Beatriz Zabalondo, Aingeru Epaltza eta Alberto Barandiaran. Aitor Zuberogoitiak moderatuko du.
XX. Jagon Jardunaldiaren egitaraua. (PDF, 158,1 KB)
Izen-ematea
Euskaltzaindiaren XX. Jagon Jardunaldiak irekiak izango dira, bai eta doakoak ere, eta entzule bezala nahi duena joan daiteke.
Izen ematea:
- Egoitza: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
- Tel.: (0034) 94-4158155