Gaur, urriaren 30ean, Euskaltzaindiak Koldo Mitxelena hizkuntzalari, kulturgile eta euskaltzainaren omendu du, haren jaiotzaren mendeurrenean.
Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundian egin da; amaieran, bi erakundeon izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Markel Olano ahaldun nagusiak Diputazioaren beiratearen irudia duen oroigarria eman diote Koldo Mitxelena zenaren Rafa semeari. Honela dio: "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak Koldo Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrenean. 2015-10-30".
Mikel Zalbide eta Joseba Lakarra euskaltzainak izan dira Koldo Mitxelenak utzi digun ondare aberatsa aztertu dutenak. Zalbidek “Euskara indarberritzea, Mitxelenaren aburuz: noraino eta nola” mintzaldia eman du eta Lakarrak “Koldo Mitxelena, euskalaria euskaltzaleen artean” izenekoa.
Hasierako hitzak, baina, Markel Olanorenak izan dira. Bilkura horretan egotea “ohorea” dela esan ostean, Koldo Mitxelenaren bi ezaugarri nagusi azpimarratu ditu: “bere konpromisoa bere herria eta bere hizkuntzarekin, batetik, eta Euskal Herrian bere irudiak ikasgai franko dakartzala, bestetik”.
Mikel Zalbide: "Gizon zentrala"
Mikel Zalbidek ikuspegi globaletik heldu dio gaiari. Bere esanean “ez gara munduan bakarrak, ahulduriko egoera horretan gaudenak eta, hizkuntza bizirik gordeko badugu, konponbideren bat asmatu, zehaztu, adostu eta aplikatu behar dugunak”.
“Mende luzea daramagu euskaldunok -egin du aurrera- euskara nola indarberritu aztertzen. Aztertzen eta, ahal izan denetan, diagnostiko bateratura iritsi eta elkar hartuz adostutako egitasmoak osatzen”. Eta honako hau erantsi du gero: “Gure etxerako egokia den irtenbide zuhurrena bilatu, zehaztu, adostu eta aplikatu beharrean gertatu gara horregatik, behin eta berriro, XX. mendean. Eztabaida-iturri luze, sarritan mikatz eta ia beti unagarria bihurturik dugu, horrexegatik, “euskara nola indarberritu?”, eta “bere gizarte-indarra zer neurritaraino jaso?” galdera-parea”.
Hala, bada, zertan mamitzen dira bi galdera horien erantzunak, Mitxelenaren argitan? Hona emaitza, Mikel Zalbideren esanean: “Euskararen lekua bihar-etziko gizartean: Euskara nora eraman nahi dugu? Mitxelenaren ustez, diglosia kontuarekin ez zen nolahala jardutea komeni: aho biko ezpata izanik zen diglosia, mende luzez, guretzat eta gurea bezalako beste hainbat hiztun-elkarterentzat. Bera ez zen euskal elebakartasun territorial hutsaren aldeko”.
Ohar hauekin eman dio Zalbidek bere azalpen-saioari amaiera: “Gizon zentrala izanik da Mitxelena, goren mailako linguistaz gainera, Euskal herriaren 1950 eta 1987 arteko panorama soziokulturalean; hizkuntza-soziologiaren esparruan gure artean inork gutxik bezalako formazio akademikoa izanik du: Parisen, unibertsitatean, soziolinguistika-irakasle izanik da; formazio akademiko sendo horrezaz gainera euskara-erdaren historia sozialari buruzko ezagutza sakona, inork baino sakonagoa, zuen errenteriar maisuak; euskara-erdarek XX. mendeko gizarte-bizitzan ageri zituzten moldaera berezi, desorekatu eta egonezinekoen jakitun zen oso, kontu horretan bidelagun askotxo zuelarik bertako euskaltzale zintzo eta eragileenen artean; kanpotik eskuratutako jakituria teorikoa eta bertako jardunean lortutako ezagutza praktikoa oso era pertsonal eta berezian uztartu zituen Mitxelenak”
Mikel Zalbideren hitzaldia (PDF, 89,7 KB)
Lakarra: "Euskalari gorena"
“Koldo Mitxelena izan da, zalantzarik gabe, euskalari gorena”. Aurretik ere beste askoak egin duten bezala, Joseba Lakarra euskaltzainak ere argi utzi du: “Artean -azaldu du- ez zuten mailara eraman zituen euskal linguistika eta filologia, hainbat lan bikain osatuaz, hiru, bereziki: Fonética histórica vasca (1961/1977), Sobre el pasado de la lengua vasca (1964) eta, guztien oinarri den, Lenguas y protolenguas (1963)”.
Lakarraren hitzetan, “bere burua linguistika historiko zientifikoa sortu zuten neogramatikoen jarraitzailetzat aitortu zuen eta Antoine Meilletek (1925) eskatu bezala, eskura zitezkeen teoria linguistiko hoberena eta filologiarik finena elkartu ziren haren jardunean”.
Koldo Mitxelenaren ekarpenak asko eta handiak izan zirela behin eta berriz esaten da. Horien artean, noski, Orotariko Euskal Hiztegia dago, Euskaltzaindiak burutu duen egitasmo handienetakoa, handiena ez bada.
Joseba Lakarrak gogora ekarri du eta honela esan du: “Euskaltzaindiaren unerik latzenetan (1950- ) erakundearen gidari ukaezina izan zen heriotzara arte (1987), Orotariko Euskal Hiztegia abiaturik utziaz. Azkueren hiztegia ordezkatzeko Erakundeak 50en erdialdera Mitxelenari egindako eskaria, haren hainbat hamarkadatako ikerketaren ondorioz -eta Ibon Sarasolak gidatu talde-lan eraginkorraren bidez- Euskaltzaindiaren izenari lotua dabilen ikerketa-lan erraldoi eta oparoena bilakatu zen”.
Andres Urrutia euskaltzainburuak ere Orotariko Euskal Hiztegia aipatu du eta Euskaltzaindiak Errenteriako hizkuntzalariari “zor dizkion” lanen artean kokatu du. “Koldo Mitxelena -esan du- dugu euskaltzain oso hori, bere baitan bildu zituena euskara, unibertsitatea eta akademia, garai latz eta gogorretan. Izan ere, gerra osteko euskalgintzaren barruan loratu zen Mitxelena, gerra zibilaren partaide izan eta horren ondorio mingotsak pairatu ondoren”.
Era berean, Andres Urrutiak Villasante, Satrustegi, Haritschelhar, Knörr, Aresti... euskaltzainak ekarri ditu gogora. “Belaunaldi oso bat”, esan du: “Gaurko omenaldiak aukera ederra ematen digu Koldo Mitxelena zenarekin batera belaunaldi hori ere agurtzeko eta eskertzeko, horiek izan zirelako, besteak beste, euskararen batasuna ahalbidetu eta abiarazi zutenak. Eskerrak, beraz, Mitxelena maisuari, jakin izan zuelako Euskaltzaindiaren bizimoduan bere burua barruratzen eta konprometitzen, zeregin akademiko desberdinetan, karguetatik hasi eta ikerketa lanetan amaitu.
Ekitaldian zehar, Antton Valverde kantariak abesti batzuk interpretatu ditu. Antonio Valverde bere aitak egin zuen Mitxelenaren erretratuaren aurrean, pozik agertu da: “Nire aita ere orain 100 urte jaio zen, eta Mitxelenarekin mila lekutan egon zen, eta mila gauza partekatu. Besteren artean, bere herriarekiko eta bere hizkuntzarekiko maitasuna”.