Urriaren 23an, Euskaltzaindiaren Ahoskera batzordearen ekimenez, Ahoskera Jardunaldia egingo du Akademiak, Gipuzkoako ordezkaritzan, Donostiako Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Ahoskeraren garrantzia azpimarratuko duen jardunaldi honetan, arlo guztietako eragileen hausnarketa eta parte hartzea aldarrikatuko da. “Erabilera esparru guztietan normal izan nahi duen hizkuntzaren ibilbidean aurrera egiteko parte hartzaile guztiek elkar hartu behar dugu: arauemaile, ikasle, irakasle, kazetari, antzezle, politikari...”
Jardunaldiaren egitaraua (PDF, 337 KB)
Horrela adierazi du gaur Miren Lourdes Oñederra Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko buruak, Donostian egindako aurkezpenean. Pilartxo Etxeberria batzordeko kidea ondoan zuela, gaiaren konplexutasuna agerian utzi du: “Ahoskera hizkuntzaren oso alor berezia da. Hiztegia eta gramatika ere hala dira, baino ahoskerak badu bereizgarri garrantzitsu bat, ahoskera bestelako zera batekoa da, izate desberdinekoa: ahoskerak alderdi linguistikoa eta hiztunaren gorputza biltzen ditu”.
Ahoskera ez da gramatika, ezta hiztegia ere. Ez da buruz ikasten. Irakaskuntzan ez zaio leku handirik ematen. Haatik, ahoskera da hiztun batek hizkuntza gaitasunaz ematen duen lehen itxura. Ulrike Rindal hizkuntzalari norvegiarraren hitzak eta kezkak gogora ekarri ditu Oñederrak. Izan ere, Rindalek kritikatzen du ahoskera ez dela hizkuntz irakasleen ebaluazio protokoloetan edo prestakuntza curriculumetan agertzen. Lourdes Oñederra euskaltzainaren esanetan, “ez da bakarra. Zorionez hasi dira horrelako ahotsak azaltzen”.
Horiek horrela, euskararen kasuan, ahoskera gako inportantea da, “hizkuntza ahula delako eta beste hizkuntz biren eraginpean dagoelako, hiztun guztiak elebidun garelarik”. Idatzizko euskararen estandarizazioa, gainera, oso berria da.
Hortaz, galderak egiteko antolatu dute Ahoskera Jardunaldia. Horien artean, honakoa: zein da euskalkien lekua, ahozko euskara batuaren ondoan? Miren Lourdes Oñederrak esan duenez, “euskalkien lekua idatzian finkatzea ez da gauza erraza, eta ahozkoan ere ez. Baina ahozkoan, arazoa saihetsezina da, hizketan neutraltasunak esparru urriagoa duelako, idatzian baino”.
Egoera zaila da, oro har. “Baina zailtasunak ez liguke erronkari ihes egiteko baimenik eman behar. Horregatik antolatu dugu jardunaldi hau”.
Datorren ostiralean, urriaren 23an, Miren Azkarate euskaltzain oso eta EHUko irakasleak, Iñaki Camino euskaltzain urgazle eta EHUko irakasleak, Julia Marin antzerki itzultzaile eta komunikazio tekniketan irakasleak eta João Veloso fonologialari eta Portoko Unibertsitateko irakasleak hitzaldi bana emango dute. Ahoskera batzordeak landutako txostena ere aurkeztuko da.
Izena emateko:
- Euskaltzaindiaren egoitza. Tel: 94-415 81 55 edo
- Gipuzkoako ordezkaritza. Tel. 943- 42 80 50.
"Mezua" eremuan adierazi jardunaldian izena eman nahi duzula. Doakoa da.