Urriaren 16an, Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak antolatua, "Piarres Larzabal sortzearen mendeurrena (1915-2015)" jardunaldia egin zuen Euskaltzaindiak Baionan, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatean. Jardunaldiak oso harrera ona izan zuen eta Unibertsitateko aretoa jendez bete zen.
Larzabalek kulturgintzan eginiko ekarpenaz hausnartu zen jardunaldian eta bereziki bi ildo nagusi jorratu ziren: "Larzabal Iparraldeko ondare literarioan duen tokiaz eta Larzabalen pedagogiaz, euskal literaturan izan duen eragin handiaz". Larzabalen bizitzaz ere mintzatu zen jardunaldian.
Lau hitzaldi eman zituzten: Daniel Landart antzerkigile eta euskaltzain urgazleak Larzabalen biografiaz hitz egin zuen; Ixabel Etxeberria antzerki ikertzaileak Larzabalen antzerkigintza aztertu zuen; Antton Luku antzerkigile eta antzezleak "Piarres Larzabal eta taulagaina" gaia jorratu zuen; eta Patri Urkizu irakasle eta Literatura Ikerketa batzordeko kideak "Piarres Larzabalen antzerkiaren harrera Hego Euskal Herrian" izeneko mintzaldia eman zuen.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Ana Toledo Literatura Ikerketa batzordeko buruak hasiera eman zioten jardunaldiari, eta jardunaldiaren helburua azaldu.
Daniel Landart: Larzabalen biografia
Larzabalen bizitzaz ideia orokorra hobeto hartze aldera, Daniel Landartek hainbat ataletan banatu zuen bere hitzaldia: etxekoak; haurtzaroko bi etxeak; gerla denboran sortua; haurtzaroaz; soldadugoa Parisen; apaiztu orduko, gerlara joateko deia…; Hazparnen bikario; Zokoako erretore; Etxahun antzerkia eta besteak; euskaltzain oso; familia oso bat apaizetxean; abertzale ildotik; iheslariak eta elizkizunak; Piarres Larzabalek utzi digun uzta; eta azken hitza.
Hala, datu batzuk izan zituen gogoan: jaio zeneko giroa, apaiz izateko ikasketak, antzerkiarekin izan zuen lehen harremana: "Bi urteko soldadugoa (1933-34) egin zuen Parisen, erizain titulua erdietsiz eta antzerki talde batean parte hartuz. Irri eta nigar komedia orduan idatzi zuen.
Aurrera egin zuen Landartek eta kontatu zuen Larzabal Bigarren Mundu Gerrara joan zela. Alemaniako mugan naziek preso hartu zuten, eta kontzentrazio-esparrutan kasik hil zorian zegoela, Gurutze Gorriko kideek librarazi zuten. Hazparnera itzuli zen 1942an eta Erresistentzian parte hartu zuen. "Gerla ondoan, Larzabalek, bi sail akuilatu zituen bereziki: antzerkigintza eta langile gazteen formakuntza. Bai, barra-barra hasi zen komedia idazten".
Enbata mugimendu abertzalearen sortzaileetarikoa izan zela, erakutsi zuen euskal iheslariekiko elkartasuna... Daniel Landarten azken hitzak honakoak izan ziren: "Pertsonalki ezagutu nuen Piarres Larzabal gizon ona zen, biziki ona. Ausarta. Osoa. Balentrialaria. Zerbait buruan hartuz geroz, bururaino eramaten zuen. Irriz ezin asea, eta denbora berean, arras serioa. Beti zerbitzu egitera ekarria. Errotik jendakina. Apaiz apala. Otoizlaria".
Daniel Landarten hitzaldia (PDF, 149,8 KB)
Ixabel Etxeberria: Larzabalen antzerkigintza
Ixabel Etxeberriak azaldu zuenez, Piarres Larzabal beste euskal autore askoren lanak ezagutzera eman zituen.
Obra zabal eta anitzaren egile, "herritar askorengana heldu zen. Antzerkia izan zen bere sail preziatuena beste idatzi mota asko erabili bazuen ere".
Hitzaldian, antzerki lanetan kokatu zuen arreta, eta antzerki horiek izan zuten hedaduraren inguruan. Larzabalen obrak, bereziki, 1951 eta 1982 artean Lapurdi eta Nafarroa Beherean emanak izan ziren. Etxeberriak esan zuenez, "hor zegoen Euskaldun Gazteriaren sarea, herri askotan antolatua".
"Sare hori izan zen Larzabalen bide lagun urte luzetan, eta horrela herri txiki askotaraino heldu ziren testuak. Horrela zabaldu ziren autorearen lanak eta oro har antzerkizaletasuna, gaur egun oraindik bizirik jarraitzen duena”.
Antton Luku: Larzabal eta taulagaina
Antton Luku antzerkigile eta antzezleak adierazi zuenez, “antzerki lanek leku berezia dute literaturan". Irakurri ez ezik, "erraten" dira ere, eta "argia ikusten dutelarik publikatzen dituzten gorputzek beste lengoaia baitarabilte denbora berean, ez daitezke erraz epai taulagaina ahanzten bazaie".
Lukuren hitzetan, "Antzerki aretoan tenorez jinik ere ez dira behatzaile oro batean sartzen obran eta berankor horien biltzeko egilearen artea da hemen eta han saihets eta gibel ate batzuk irekirik uztea, sentsibilitate horiek guztiek publikoa deitzen duguna osa dezaten iluna eginen deneko".
Froga hori gainditzen dituzten lanek dira komunitatearen gogoan egoten, herrigintzan eragiten nonbait eta klasiko bilakatzen. Beren baitan baitaukate sortu testuingurutik kanpo mintzatzeko sekretu. Larzabalen lan frankok beren baitan daramatena”.
Patri Urkizu: Piarres Larzabalen antzertiaren harrera Hego Euskal Herrian
Piarres Larzabalen lana dagokion testuinguruan kokatu ondoren, bere antzerki argitaratuei errepaso laburra eman die Patri Urkizu Literatura Ikerketa batzordeko kideak.
Gero, Piarres Charritton euskaltzainari eta jardunaldi berean hizlari izan den Ixabel Etxeberriari jarraituz, Larzabalen antzerkiaren eta ikusgarrien sailkapena egin zuen. Charrittonen arabera: komediak eta tragediak. Etxeberriaren esanetan, dramak, tragediak eta komediak.
Ondoren, Hego Euskal Herrian Larzabalen obrak zenbat aldiz, non eta nork antzeztuak izan diren aipatu zu.wn Izan ere, Urkizuren hitzaldiak, Hego Euskal Herrian Larzabalen antzezlanek izan duten harrera izan du ardatz.
Kritikak eta prentsan argitaratutako artikuluak ekarri ditu bere hitzaldira. Pastoralak ere izan ditu hizpide.
Iñaki Beobidek zuzendu zuen, eta 1960ko hamarkadan garrantzia handia izan zuen Jarrai taldearen ibilbideaz mintzatu zen: taldea antzerkigintzaren abangoardia izan zen, eta Larzabalen obra ere taula gainera eraman zuen. Piarres Lafitteren, Gabriel Arestiren, Xabier Leteren... aipamenak gogora ekarri zituen eta antzezlanen esku-orriak eta argazkiak aurkeztu zituen.
Patri Urkizuren hitzaldia (PDF, 1 MB)
Jon Casenave Literatura Ikerketa batzordeko kideak itxi zuen jardunaldia.
Comments
Ez da posible, berak ez zeukalako idatzita.
"Euskera" agerkarirako bai idatziko du. Bertan argitaratuko da eta orduan irakurri ahal izango duzu.
Mila esker zuri
Antton Lukuren testua izatea posible da? besteak agertzen dira webgunean, baina ez Antton Lukurena. Mila esker