Bihar, urriaren 3an, Donibane Lohizuneko Kultura Zerbitzuaren eta Euskal Kultur Erakundearen ekimenez, Jean Diharce "Iratzeder" omenduko dute Donibane Lohizunen. Ekitaldia goizeko 10:30ean hasiko da, Paul Jovet baratze botanikoan.
Hona hemen poeta eta euskaltzain oso izan zenaren omenezko ekitaldiaren egitaraua:
- 10.30: Jean-Louis Davant euskaltzainaren mintzaldia. (Aldibereko itzulpena egongo da, frantsesera)
- 11.15: Iratzederren olerki liburuaren aurkezpena
- 11.30: Diabolo taldeak, Ikastolako, St Thomas d’Aquin eta Dona Maria kolegioetako ikasleek Iratzederren olerkien irakurketa eta kantuak eskainiko dituzte
- 12.00: Iratzederren omenezko plaka bistaratuko da, Begiraleak elkartearen parte-hartzearekin
Jean Diharce "Iratzeder" Donibane Lohizunen jaio zen, 1920ko urtarrilaren 4an. Uztaritzeko eta Baionako Seminarioetan egin zituen apaiz ikasketak. Hogeita bat urte zituela, Belokeko beneditarren komentura joan zen. Lau urte geroago, 1945ean, apaiztu zen. 1948tik 1968 arte beneditar nobizioen irakasle izan zen; gero priore eta 1972an abade izendatu zuten. Hamabost urtez izan zen Belokeko abade. Ondoren, 67 urte zituela, 1987an, Afrikara joan zen, Bénin herrialdeko Zagnanado komentura, baina hamazazpi hilabete besterik ez zituen bertan eman, eta berriro Belokera itzuli zen. Hor bizi izan zen hil arte, 2008ko urriaren 13an.
1962ko uztailaren 27an euskaltzain oso izendatu zuten.
Iratzeder poeta handia izan zen. Bere poesian bi konstante agertzen dira, Euskal Herria eta Jainkoa, alegia. "Jainkoaren amodioz maite dut Euskal Herria. Bi amodio horiek bat eginik daude ene baitan", esan zuen askotan. Belokeko komentuan Ezkila argitaletxea sortu zuen bai eta Otoizlari euskarazko aldizkaria ere. Bere olerki liburuak Biziaren olerkia liburuan bilduak dira.
Salmoak obra nagusiaren egokitzaile izan zen Iratzeder. Afrikako misiolari esperientzia Hamazazpi hilabete Afrikako bihotzean jaso zuen.