JAGONETeko datu-baseari 52 galde-erantzun berri erantsi dizkio Euskaltzaindiak. Horiek, gehi lehendik zeudenak, PDF formatuan ere eskaintzen dira, Akademiaren webgunean.
Hona, adibidez, azkenaldi honetan erantzundako zenbait galdera:
- Zuzena izanik entzun eta aditu elkarren sinonimoak direla esatea, nola liteke entzumena eta adimena elkarren sinonimoak ez izatea?
- Zuzena al da medikura joan da esatea? Eta anbulategi hitza?
- Zein da esaldi zuzena, zure esku dago edo zure eskuan dago?
- Zer alde dago egin eta eragin aditzen artean?
- Zuzena da 1909ko apiril-maiatzean, 1910eko urri-azaroko eta abar esatea edo 1909ko apirilA-maiatzean, 1910eko urriA-azaroko esan behar da?
- Nola idatzi behar da audio-liburua, audioliburua ala audio liburua?
- Gure familian XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran hil ziren arbasoen hilobietako datak ikustean, ezin ditut ulertu hilabeteen izenak. Argituko al dizkidazue, mesedez?
- Baztan aldean joaten ahal naiz erabiltzen dugu, baina ez dakit beste forma hauek ere onartuak ote diren: joaten ahalko naiz, joaten ahal izan nintzen, joaten ahal izateko...
- Subjuntiboa nola egiten da eskatu aditzarekin: eskatu diote etor dadila edo eskatu diote etor dadin? Eta proposatu, gomendatu eta aholkatu aditzekin?
Galde-erantzun horiek (eta beste asko) osorik ikusteko, kontsulta ezazu JAGONETeko datu-basea.
JAGONETek jasotako galderen zer-nolakoa dela eta, aipagarria da aldaketa(txo) bat gertatu dela: hiztegiaren alorreko galdera gehiago iristen da orain JAGONETera, eta orain arte gramatikaren alorreko zalantzak ziren ugarienak. Kontuan hartzekoa da, hala ere, terminologiaren alorreko galdera askotxo iristen dela; nahiz eta JAGONET ez arduratu halakoez (Euskalterm-era bideratzen dira).