Jan Braun ohorezko euskaltzaina hil da. Hizkuntzalari poloniarra joan den ekainaren 29an zendu zen, baina orain arte ez dugu izan heriotzaren berri. 89 urte zituen eta ohorezko euskaltzaina zen, 2000ko urriaren 27an izendatua.
Jan Braun Lodz-en (Polonia) jaio zen, 1926ko maiatzaren 15ean.
1947tik 1951ra bitartean Filologia Klasikoa ikasi zuen eta, amaitu orduko, beka bat jaso zuen kaukasiar hizkuntzalaritzan espezialitatea egiteko. Lau urtez, georgiar Filologia ikasten jardun zuen Tbilisiko Unibertsitatean eta bere lehen tesia aurkeztu zuen: Georgiar aditzaren pertsona-aniztasuna.
1995ean Varsoviako Unibertsitateko Ekialdeko Ikasketen Institutuan hasi zen lanean, georgiera zahar eta modernoaren irakasle. 1976an Tbilisiko Unibertsitatera eginiko bisitan, euskara ikastaro bat egin zuen eta ondorioz Euskal hizkuntzarako sarrera liburua argitaratu zuen, georgieraz. Ikastaldi horren eraginez, georgiar unibertsitateko talde bat euskara ikertzen hasi zen. Natela Sturua eta Salome Galbunia euskaltzain urgazleak talde horretako kide izan ziren.
Varsoviako Iberistika Katedran oinarrizko euskara ikastaroak eman zituen, urte askoan. Bere bigarren tesia 1991n aurkeztu zuen, Euscaro-Kaukasikoa izenburupean.
Hainbat artikulu argitaratu zuen, euskara-georgiera hizkuntzen arteko ustezko loturei buruz.
Varsoviako Unibertsitateko irakasle emeritua zen.
Zenbait idazlan:
- Baskologiis shesavali [georgieraz] (1984)
- Euscaro-caucasica (1998)
- Sumerian and Tibeto-Burman (2001)
- Sumerian and Tibeto-Burman. Additional Studies (2004)