1997an, 76. araua onartu zuen Euskaltzaindiak: Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia.
Hemezortzi urte igaro dira araua eman zenetik, eta gaur egun euskara batuan argitaratzen diren lanetan (eskola-liburuak, entziklopediak, hiztegiak, literatura, komunikabideak…), guztiz hedatuta dago arauan emandako eredua.
Hori ikusirik, 1997ko araua osatzea eta emendatzea erabaki du Euskaltzaindiak. Horregatik, arauaren bigarren bertsioa onartu du, lehenengo bertsioa ordezteko: Latin eta greziar pertsona-izen klasikoak euskaraz emateko irizpideei buruzko erabakia. Arau osatua, eguneratua eta emendatua.
Arauaren lehen bertsioak 357 izen bildu zituen. Orain, 209 izen gehiago erantsi dira. Greziar eta erromatar pertsona-izenez gainera, beste zibilizazio eta inperio garaikide garrantzitsu batzuetako pertsona-izen batzuk ere sartu dira, hala nola Kartago, Fenizia, Partia eta abarretakoak (Hanibal, Hasdrubal, Kosroes, Mitridates, Seleuko…) Beraz, 566 pertsona-izenez osatutako izendegi greko-erromatar bat du arauaren bigarren bertsioak.
1997ko zerrendan, latinezko edo grekozko izenez gainera, gaztelaniazko eta frantsesezko ordainak ezarri ziren, baina ingelesezko ordainak ez ziren eman. Orain, pertsona-izen horien guztien ingelesezko ordainak erantsi dira.
Horretaz gainera, zenbait datu osatu dira, hala nola gaztelaniazko eta frantsesezko ordainak.
Xabier Kintana eta Alfontso Mujika,
Exonomastika batzordeko burua eta idazkaria