Gaur, uztailaren 30ean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak bilera egin dute Euskaltzaindiarekin. Andres Urrutia buru zutela, Akademiako Zuzendaritzako honako kideak izan dira: Sagrario Aleman diruzaina, Adolfo Arejita Iker sailburua, Erramun Osa idazkariordea eta Joseba Zabaleta kudeatzailea.
Bileran, bi erakundeen arteko elkarlana indartzeko konpromisoa berretsi dute. Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak bat egiten dute euskara sustatu eta bere etorkizuna bermatzeko helburuarekin; hori dela eta, elkarlanetik urrats estrategikoak ematea adostu dute, uste baitute bide berri bati ekiteko garaia iritsi dela, eta hori lortzeko ezinbestekoa dela bi erakundeak eskutik joatea.
Horrez gain, 2018an ospatuko den Euskaltzaindiaren mendeurrena ere izan dute mintzagai. Hitzordu horren garrantzia azpimarratu dute, ospakizuna ez ezik, euskararen arloan urrats berriak emateko aukera paregabea izango delako. Helburu horretan ere, elkarlana bultzatzeko borondatea erakutsi dute bi erakundeek.