Gaur, uztailaren 17an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Euskaltzaindiak bost urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Hitzarmen "estrategikoa" bi erakundeon esanetan. Biek interakzioa aldarrikatu dute, Akademiaren eta eragileen arteko interakzioa, hain zuzen ere.
Euskaltzaindiaren izenean Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du eta elkartearenean Mikel Garmendia Ugarte presidenteak. “Honek -esan du Andres Urrutiak- irudikatzen du gaur egun gure hizkuntza nondik nora dabilen eta gu filosofia horretatik goaz, hots, EIZIEn dauden eragileak, eta horiek bezalakoak, aintzat hartu nahi ditugu”. Garmendiaren ustez, araua eta erabilera beti izan ditu kezka iturri EIZIEk, “horregatik, dinamika bateratu bat izatea oso inportantea da".
Bi erakundeen arteko elkarlana, euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Besteak beste, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, EIZIEk bere esku dituen hainbat argitalpenen euskarazko testu-masa -Senez aldizkariko, Literatura Unibertsala, Urrezko Biblioteka eta Itzultzaile aitzindariak bildumetako eta 31 eskutik blogeko testuak- Akademiaren eskuetan jarriko da.
Horretarako, aldez aurretik, Euskaltzaindiak, EIZIEk ematen dion datu-basea oinarritzat hartuz, egileen baimen idatziak eskuratu beharko ditu. Euskaltzaindiak jasotzen duen testu-masa indarrean dagoen araubideak egile-eskubideei buruz dioena gordez baliatuko du.
Euskararen Erreferentzia Corpusa izateko prestaturik
Lexikoaren Behatokia zer den eta daukan garrantzia azaldu du gaurko ekitaldian Andoni Sagarna egitasmoaren zuzendariak. Berak adierazi bezala, Euskaltzaindia 1980. urtearen hamarkadan corpusak lantzen hasi zen, haietan oinarritzeko hizkuntzalaritza arloko ikerketa eta araugintza. Horren ondorio izan ziren Hiztegi Batuaren 1. argitaraldia, 2000. urtean, eta Orotariko Euskal Hiztegiaren 1. argitaraldia, paperean, 2005ean osatu zena.
Behin lan horiek burututa, Hiztegi Batuko lantaldeak, 2007an, neologiaren eta hiztegiaren erabilera aztertzeko, Lexikoaren Behatokia sortzea proposatu zion Euskaltzaindiari. Ordutik hona, Euskaltzaindia, urtean-urtean, garatuz joan da egitasmo hori eta erabiltzen, Hiztegi Batua aberasteko eta, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoaren bidez, Akademiaren hiztegia lantzeko.
Hala, bada, Lexikoaren Behatokia egitasmoak ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat prestatzea du oinarrizko lana, etiketatua eta linguistikoki anotatua. Helburua honako hau da: hizkuntzaren erabilera hurbiletik jarraitzea ahalbidetuko duen corpus bat elikatzen eta automatikoki lematizatzen eta etiketatzen joatea. 2000. urtetik aurrera argitaraturiko testuak biltzen ditu. Andoni Sagarnak azaldu duenez, Lexikoaren Behatokia “hiztegigintza ez ezik, hizkuntzaren beste arlo batzuk ikertzeko euskarria izango den Euskararen Erreferentzia Corpusa izateko prestaturik dago”. Izan ere, testuen katalogazio zehatzaren bidez, une oro euskararen aldaera bakoitzak gizartean duen garrantziaren arabera hornitzen joan daiteke.
Hortaz, egitasmoaren garrantzia kopuruan neur daiteke -2015. urtearen bukaeran 51,8 milioi testu-hitz izango ditu- eta baita alde kualitatiboan ere. Izan ere, gaur EIZIErekin egin bezala, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabide, argitaletxe eta elkarterekin, hauek argitaratzen dituzten euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jar ditzaten. Iturri askotatik sortutako testuak biltzen ditu, beraz, eta horrek aniztasuna, oreka eta adierazgarritasuna ematen dizkio egitasmoari.
Bestalde, hitzarmenen bitartez, egile-eskubideak bermatzen dira eta, hala erabakiz gero, proiektuko partaide izateko aukera ematen zaie berau testuz hornitu duten guztiei. Testuinguru horretan kokatzen da, beraz, gaur EIZIEk eta Euskaltzaindiak sinatu duten hitzarmena. Adierazi dutenaren arabera, askotariko sortzaileen testuek -idazle, kazetari, itzultzaile...- aberastasuna ematen diote Lexikoaren Behatokia egitasmoari.
Gaur egun, Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin garatzen ari da egitasmoa Euskaltzaindia. Etorkizunean, hala nahiz izanez gero, EIZIEk ere proiektuko partaide izateko aukera izango du.