Kanpoko leku-izenen euskarazko grafia arautu ondoren, kanpoko pertsona-izenen euskarazko grafia arautzeari heldu dio Euskaltzaindiak 2013az geroztik. Irizpide kronologikoa erabiltzen ari da Exonomastika batzordea langintza horretan, eta 175. araua da lehen emaitza: Mesopotamiako, Mediako Inperioko, Akemenestar Inperioko eta Lidiako pertsona-izen eta izen mitologiko nagusien euskarazko izenak.
Antzinateko zibilizazioetako pertsona-izen eta izen mitologiko nagusiak ez dira berdin idazten hizkuntza guztietan. Horregatik, beharrezkoa da irizpideak ezartzea eta izenik ezagunenen zerrenda eskaintzea, zalantzak argitzeko. Izen horietako asko eskola-liburuetan, gidaliburuetan edo artelanen izenetan (pinturak, eskulturak, operak...) ageri dira, eta ulertzekoa da zalantzak izatea euskaraz idazteko orduan. Nola idatzi, adibidez, euskaraz gaztelaniaz Nabucodonosor, frantsesez Nabuchodonosor eta ingelesez Nebuchadnezzar idazten den Babiloniako errege-izena? Edo Akemenestarren Inperioko Cambises I (gaztelania) / Cambise Ier (frantsesa) / Cambyses I erregearen izena?
60 pertsona-izen eta izen mitologiko bildu dira arauan, Sumer, Akad, Asiria, Babilonia, Media, Amenestarren Inperio eta Lidiakoak. Irizpideak ematen dira, eta zerrenda eleaniztun bat eskaintzen da ondoren. Hori guztia ageri da 175. arauan: Antzinateko pertsona-izenak eta izen mitologikoak (I): Mesopotamia, Mediako Inperioa, Akemenestar Inperioa eta Lidia.
Xabier Kintana, Exonomastika batzordeko burua, eta
Alfontso Mujika, batzordeko idazkaria