Bilbo Zaharra Forumek Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak (1979-1990) liburuari eskainiko dio Klasikoen 8. irakurketa jarraitua, datorren ostiralean, ekainaren 5ean. Irakurketa girotu asmoz, hitzaldi sorta antolatu dute asteon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Atzo izan zen lehena, "deserri eta kartzela poemak" hitzaldiarekin, Bernardo Atxagaren eskutik.
Gaur Juan Jose Ibarretxeren eta Karmelo Landaren txanda izango da. Eta bihar, osteguna, Aiora Jakak ("Itzulpena eta sorkuntza: txanpon beraren bi aldeak") eta J.E. Urrutia Capeauk ("Sarrionandiaren narrazio giltzarriak") hitz egingo dute. Hitzaldi guztiak iluntzeko 19:00etan dira, esan bezala, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Ostiralean, goizeko 8:00etan, Joseba Sarrionandia berak emango dio hasiera Arriaga antzokian egingo den irakurketa jarraituari, ekitaldirako propio prestatu duen testu baten bitartez. Bere ahotsa grabazio bidez entzungo da.
Bestalde, ohi legez, zenbait euskaltzain bertan izango dira eta Narrazio guztiak liburuaren paragrafo batzuk irakurriko dituzte. Irakurketak iluntzeko 20:00ak arte iraungo du.