"Euskara ibiltaria" erakusketa zabaldu da. Euskaltzaindiak, Beasaingo Udalak eta Laboral Kutxak antolatutako erakusketa atzodanik ikusgai dago Igartza Jauregian eta hor izango da ekainaren 5era arte. Erakusketaren helburua Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ezagutaraztea da.
Inaugurazio ekitaldi bi egin ziren atzo. Goizean, Aritz Abaroa eta Amaia Jauregizar EHHAko teknikariek bi hitzaldi didaktiko eskaini zizkieten Beasaingo ikastetxeetako ikasleei.
Arratsaldean, inaugurazio ekitaldi nagusian, erakusketa antolatu duten hiru erakundeotako ordezkariek parte hartu zuten: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak eta Xarles Videgain EHHAren arduradun teknikoak; Laboral Kutxarenean, Xabier Egibar Negozio Garapenaren Areako zuzendariak; eta Beasaingo Udalarenean, Koldo Agirre alkateak. Ekitaldian, egitasmoa hasieratik bultzatu zuen Laboral Kutxako Juan Cidek argizaiola jaso zuen euskaltzainburuaren eskutik. Izan ere, Cidek erretiroa hartu du; hori dela-eta, urteetan egindako lana eskertu nahi izan zioten Akademiak eta Laboral Kutxak.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa zer eta zertan den azaltzen du erakusketak. Besteak beste, Atlasa osatzen duten mapak ikusgai daude, eta horiek lantzeko erabili eta erabiltzen den prozesuaren berri ematen da.
"Euskara ibiltaria" erakusketarako prestaturiko aurkezpena (PDF, 12,2 MB)