|
Bihar, ekainaren 2an, Institut Géographique Nationalek (IGN) eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Bordelen, IGNren bulegoan, eguerdiko 12:00etan. Euskaltzaindiaren izenean Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatuko du eta IGNrenean, Christine Tessier Akitaniako ordezkaritzako zuzendariak.
Hitzarmenak toponimia arloan izango du eragina. Izan ere, IGN-k badu leku-izenak biltzen dituen Toponimia batzordea, izen bakoitzak zein forma izan behar duen erabakitzen duena. Hori dela eta, IGN eta Euskaltzaindia duela 12 urte hasi ziren elkarlanean -bion arteko lehen hitzarmena 2003an sinatu zen-, eta euskarazko toponimoei dagokienez, Akademiak egiten ditu zerrendak eta proposamenak. Horiek guztiak IGN-k kontsultatzen ditu Ipar Euskal Herriko leku bakoitzari eman behar zaion forma erabaki aitzin.
Urrutia eta Tessierrekin batera, Xarles Videgain Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaria, Patxi Salaberri Onomastika batzordeko burua, Erramun Osa Akademiako idazkariordea eta Philippe Abadie IGNko Kanpo Harremanetarako burua izango dira.