Datorren larunbatean, maiatzaren 30ean, Euskararen Eguna ospatuko da Abartzuzan (Nafarroa), Irriherri elkartearen ekimenez. Egun osoan zehar, ekitaldiz betetako egitarauari esker, festa eta aldarrikapena uztartuko dira eta euskara izango da protagonista. Euskaltzaindiak ere parte hartuko du: Akademiaren izenean, Andres Iñigo Nafarroako ordezkaria izango da Abartzuzan.
Irantzu Mankomunitateko udalak diren Abartzuzako, Lezaungo, Oteitzako, Jaitzeko, Villatuertako, Gesalazko Ibarra eta Deierriko euskaldun eta euskaltzaleek osatzen duten Irriherri elkarteak gogorarazi duenez, aurtengo matrikulazio kanpainan, herriko ume guztiek D eredua aukeratu zuten, baina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamendutik ezezkoa jaso zuten, ikasle gutxi zirelakoan. Hori dela-eta, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea aldarrikatzeko asmoz, larunbatean Abartzuzara joateko gonbita zabaldu dute.
2014-15 ikasturterako matrikulazio kanpaina zabaldu zenean, Nafarroa osoan D ereduaren aldeko adierazpena kaleratu zuen Euskaltzaindiak. Akademiaren Osoko bilkurak aho batez onartu zuen, 2014ko urtarrilean.