Bilbo Zaharra Forumek Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak (1979-1990) liburuari eskainiko dio Klasikoen 8. irakurketa jarraitua. Ekainaren 5ean egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara. Horren atariko, hitzaldi sorta antolatu dute, ekainaren lehen astean: Bernardo Atxagak, Juan Jose Ibarretxek, Karmelo Landak, Aiora Jakak eta J.E. Urrutia Capeauk hitzaldi bana emango dute Euskaltzaindiaren egoitzan.
2011n, Narrazio guztiak (1979-1990) liburua kaleratu zuen Elkar argitaletxeak. Bertan, Sarrionandiak 80ko hamarkadan argitaratu zituen hiru ipuin-bildumak bildu ziren: Narrazioak (1983), Atabala eta euria (1986) eta Ifar aldeko orduak (1990). Horiez gain, aurretik idatzitako hiru istorio, argitaratugabeak, jaso ziren liburuan: Figlio di cane, Maggie indazu kamamila eta Enperadore eroa.
Esan bezala, liburu hori izango da protagonista "Klasikoen irakurketa jarraitua" ekimenaren 8. edizioan. Hori dela-eta, Bilbo Zaharra Forum egitarau trinkoa egiten ari da ikasturtean zehar. Egitarau horren azken txanpa ekainean burutuko da: hilaren 2an, Bernardo Atxagaren hitzaldia izango da; ekainaren 3an, Juan Jose Ibarretxe eta Karmelo Landa mintzatuko dira; eta 4an, Aiora Jakak eta J.E. Urrutia Capeauk emango dute hitzaldia. Hitzaldi guztiak iluntzeko 19:00etan izango dira, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Esan bezala, Bilbo Zaharra Forumek egitarau trinkoa burutu du ikasturte osoan zehar, Euskaltzaindiaren egoitzan. Iazko azaroan antolatu zen egitaraua Eider Rodriguezek, Eñaut Elorrietak, Xabier Anzak eta Joxemari Iturraldek osatu zuten; eta aurtengo martxoan, honako hauek izan ziren hizlari: Maialen Lujanbio, Harkaitz Cano, Jesus Egiguren eta Joxe Azurmendi.
Bilbo Zaharra Forumak antolatutako ekitaldiek Euskaltzaindia izan dute laguntzaile hasieratik; besteak beste, hitzaldi guztiak Euskaltzaindiaren egoitzako areto nagusian egiten dira.