Jean-Baptiste Coyosek paratutako Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri liburua Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai dago, hemen. Liburuak Gure Herria aldizkarian 1924tik 1939ra argitaratu ziren zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri bilduma bat eskaintzen du.
Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri liburuak azpititulua du: "Gure Herria aldizkariaren idazleak (1924-1939)". Hitzaurrea egin duen Jean-Louis Davant euskaltzainak azaltzen duen bezala, "munduko bi gerla handien artean, zuberotar prosalari gazte andana bat agertu zen Gure Herria aldizkarian, istorio eta ipuinak sotilki kontatuz".
Hala, bada, Coyosek "belaunaldi horretako zortzi autoreren idazlan batzuk berpizten ditu, haatik ez edozein krakakoak: «istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri» zenbaiten berriz argitaratzea hautatu du". Oro har, hogeita hamar testu hautatu ditu Coyosek: narrazioak, ipuinak, alegiak "eta sailkatzeko errazak ez direnak".
Liburua Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 22. zenbakia da.