Euskaltzaindiak ere Korrika egingo du. Datorren igandean, martxoaren 29an, 19. Korrika Bilbora helduko da eta bost orduko ibilibidea egingo du -orotara 45 kilometro- Enekuritik Areatzaraino. Akademiak lekukoa eramango du 2.498. kilometroan, Hurtado Amezagan hasita, eguerdiko 12:22ean.
Esan bezala, Hurtado Amezaga kalean hartuko du lekukoa erakundearen ordezkariak, 12:22ean. Nabarra kalea igaro eta Areatzako zubia gurutzatuta, Areatzan amaituko da euskararen aldeko lasterketa.
19. Korrika martxoaren 19an abiatu zen, Urepeletik. Ordutik, "Euskahaldun" lelopean, lekukoa eskuz esku dabil, Euskal Herrian zehar. Igandean, 2.500 kilometroko ibilbidea osatuta, Areatzan amaituko da, 12:30ak aldera. Orduan irakurriko dute lekukoaren barruan dagoen mezua eta bukaera jaia hasiko da.