Etzi, martxoaren 26an, Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria, zortzigarrena, aurkeztuko da Bilbon, Akademiaren egoitzan, goizeko 11:00etan.
Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian, Gabriel Aresti, Leopoldo María Panero eta erleak, besteak beste, esku artera ekarriko dizkigu Erlea-8k.
Zenbaki berrian honako hauek izan dira partaide: Iñigo Astiz, Arantxa Iturbe, Miel A. Elustondo, Joxemari Iturralde, Josu Chueca, Eneko Bidegain, Jabier Kaltzakorta, Janbattitt Dirassar, Julian Zabalbeaskoa, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Grégoire Joannateguy, Jon Kortazar, Uxue Apaolaza, Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Joseba Luzuriaga, Irati Elorrieta, Amaia Oleaga, Xabier Kintana eta Bernardo Atxaga.
Azala Xabier Idoatek egin du.
Argazkiak eta ilustrazioak Miel A. Elustondok, J.A. Azpilikuetak eta Jose Ramón Urtasunek egin dituzte.
Bestalde, Bernardo Atxagak sinatzen duen "Objektuak" atala Florentino Goikoetxea Comète Sarean laguntzen aritu zen mugalari hernaniarrari eskaini dio.
Erlea aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du -Akademiaren egitasmoetako bat da-, eta Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz.