Gaur, martxoaren 23an, Ramón Rubial Fundazioak eta Euskaltzaindiak bi urteko iraupena izango duen lankidetza hitzarmena sinatu dute, Bilbon, Akademiaren egoitzan. Fundazioaren izenean Eider Gardiazabal presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Eurekin batera honako hauek izan dira ekitaldian: Idoia Mendia eta Vicente Reyes, PSE-EEko idazkari nagusia eta Prestakuntza eta Kultura idazkaria, hurrenez hurren; Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkaria eta Adolfo Arejita Iker sailburua.
Andres Urrutiaren hitzetan, Euskaltzaindia gizartearen zerbitzura dagoen erakundea da. Hain zuzen, testuinguru horretan kokatu du gaur sinatu den hitzarmena: euskara eta euskal kulturaren alde, Ramoń Rubial Fundazioarekin elkarlanean arituko da Akademia. Eider Gardiazabalen esanetan, euskararen hedapena eta normalizazioa helburu dituen hitzarmena sinatu dute. Eta Idoia Mendiak esan duenez, “gaurko hitzarmenaren benetako balioa bere espirituan dago, hau da, akordio hau bultzatu duen gogoa da benetan inportantea”.
Hitzarmenaren helburua Ramón Rubial Fundazioaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzarako oinarri nagusiak ezartzea da. Hala, euskara hedatu eta indartzeko jarduerak antolatzea izango da bi erakundeon xedeetako bat.
Fundazioa eta Akademia elkarlanean arituko dira, bereziki, euskararen normalizaziorako proiektuak garatzeko, eta Ramón Rubial Fundazioaren barruan edo beronen bitartez Euskaltzaindiak euskarari buruz emandako arauak edo gomendioak zabaltzeko.
Horrezaz gain, hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- Ramón Rubial Fundazioak eta Euskaltzaindiak elkarri beren ikerketa-funtsen ondarea erabiltzeko aukera eskainiko diote, bai eta, bereziki, beren artxibo eta liburutegiak ere.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
- Ikerketarako interesgarri gerta daitezkeen lan batzuk, aurretik horiek argitaratzea pentsatu ez arren, adibidez tesiak edo bestelako obrak, beste aldearen esku utziko dira, betiere egileen eskubideak errespetatuz.
- Bi erakundeek lankidetza politika sustatuko dute, ikastaroak, jardunaldiak, mintegiak, erakusketak eta sinposioak eginez.
- Euskaltzaindiak Ramón Rubial Fundazioari aholkularitza eskainiko dio. Akademiak lexiko batuaren, arauen, izendegien eta onomastikaren arloetan harturiko erabakien edo egindako gomendioen aurkibidea errazteko bideak ezarriko dira.
Helburu hauek lortzeko, Ramón Rubial Fundazioak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, alde bakoitzeko bi kide izango dituena.