Joshua A. Fishman hil da New York-en, laurogeita zortzi urte zituela. Berehala izan dugu berria: Jasone Zenotz eta Durk Gorter irakasleek lehenik, eta Peruko Myriam Yataco-k handik gutxira, eman digute albistea.
Nahigabe bizia sentitu dugu hainbatek: “a beloved teacher and influential scholar” deitu dio Ofelia Garcia irakasleak Joshua Fishman-i, bere gaur goizeko hil-berri argian. Erdiz erdi asmatu du, gure ustez, The Multilingual Apple famatuaren prestatzaileak. Irakasle hilberriaren jakituria zabal eta sakonak zeharo txunditu izan gaitu maiz. Hain berea izan duen gizabide zabal, orbanik gabea hori bezainbat miretsi izan dugu bestetik, eta bihotzez eskertu.