Martin Ugalde idazle, kazetari eta ohorezko euskaltzaina omentzeko helburuarekin, bere izena daraman ikerketa beka sortu dute Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak. Lehenengo edizioaren gaia "Martin Ugalde eta euskal kazetaritza" izango da. Proiektuak aurkezteko epea uztailaren 31n amaituko da.
Beka bi urterik behin deituko da eta bi ikerketa gai izango ditu: batetik, Martin Ugalde bera; eta, bestetik, euskal kazetaritza. Aurtengo deialdiak, esan bezala, biak uztartuko ditu; hortaz, Martin Ugaldek euskal kazetaritzarekin izandako harremana, egindako lana eta ekarpena aztertzea izango du helburu bekaren lehen deialdiak.
Proiektuak idatzizko zein ikus-entzunezko euskarrian aurkez daitezke. Azaroaren 11n -Martin Ugalde zena jaio zen egunean- jakinaraziko da irabazlea.
Oinarriak hemen irakur daitezke.