Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak parlamentu-lexikoa bateratzeko konpromisoa hartu dute. Horretarako, gaur, urtarrilaren 21ean, bi erakundeen izenean, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Alberto Catalán Parlamentuko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Hitzarmenean jasotzen den bezala, Nafarroako Parlamentuak euskarazko datu- eta agiri-base bat dauka, Legebiltzarreko zerbitzu teknikoek egindako itzulpen lanak gordetzeko beharraren ondorioz sortutakoa. Datu-baseak euskarazko terminologiako eta parlamentu-lexikoko balio handiko funts bat dauka, zeina kontserbatu eta gaurkotu nahi baita parlamentu-esparruko beste erakunde batzuekin ere lan eginez.
Euskaltzaindia hainbat erakunderekin lan bat egiten ari da, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko batzar nagusietan erabiltzen den parlamentu-lexikoa bateratzeko.
Horiek horrela, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Parlamentuak bat datoz “komenigarria eta beharrezkoa dela parlamentu-lexikoa bateratzea, amankomunean jarriz euskaraz egindako ahozko hitzaldien eta testuen tratamenduan eta itzulpenean espezializatutako unitate administratiboak dauzkaten zenbait erakundetan egindako lana, bai eta euskarazko testuak eta agiriak Euskaltzaindiak koordinatutako lantaldearen eskura jarriz ere”.
Beraz, parlamentu-lexikoaren bateratze-lana xede, Nafarroako Parlamentuak Euskaltzaindiaren eskura jarriko ditu erabilgarri dauden testuak, lexikoaren lematizazioari, etiketatzeari eta kasuko oharpen linguistikoari ekin diezaien. Lan horretan, Eusko Legebiltzarrak eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko batzar nagusiek ere parte hartuko dute.
Bestalde, gaur sinatu den hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Euskaltzaindiak erabili ahalko ditu Nafarroako Parlamentuak eskuratzen dizkion testuak.
Euskaltzainburuarekin batera, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren diruzaina, Andres Iñigo Nafarroako ordezkaria eta Erramun Osa idazkariordea izan dira gaur, Parlamentuan egindako ekitaldian.