Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimenez, "Euskarazko IKTak" mintegia egin zen atzo, abenduaren 17an, Bilbon. Euskaltzaindiaren izenean, Iñaki Kareaga Informatika eta Telekomunikazio zerbitzuko arduradunak hartu zuen parte eta Euskaltzaindiaren webguneko hizkuntza-baliabideak aurkeztu zituen.
Profesionalei eta euskal ekonomiako sektoreei euskaraz eskuragarri dauden tresna eta baliabide teknologikoen berri ematea. Horixe zen mintegiaren xede nagusia eta horretan ibili ziren, bakoitza bere arlotik, jardunaldian mintzatu ziren guztiak.
Hala, bada, Iñaki Kareagak balizko hiru erabiltzaile-profil aurkeztu zituen: hiritarra; euskalgintzako profesionala; eta ikertzailea. Eta horiek kontuan hartuz, Euskal Onomastikaren Datutegia (pertsona-izenak, deiturak, leku-izenak), Hiztegi Batua, Jagonet kontsulta zerbitzua, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa edota Orotariko Euskal Hiztegia izan zituen mintzagai.