Argazki batzuk ekarri ditugu hona, bai eta Juan Jose Txurruka alkatearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak ere.
Ekitaldia Markina-Xemeingo Udaletxean egin zen. Lehenago, Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin zuen, Markina-Xemeinen bertan, Lea-Artibaiko Mankomunitatean. Handik, euskaltzainak eta herriko agintariak oinez joan ziren Udaletxera, trikitilari eta pilotariek lagunduta. Behin barruan zirela, herriko musikari batzuek Alkate Soinua jo zuten.
Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak eman zion hasiera ekitaldi akademikoari. Ondoren, alkateak ongietorria eman zien bertan ziren guztiei, eta Andres Urrutiak agur-hitzak esan zituen. Gero, Patxi Uribarren -aurkezleetariko bat- eta Jean-Baptiste "Battittu" Coyos -sarrera egin zuen azken euskaltzaina- joan ziren Jabier Kaltzakortaren bila eta batzartokira ekarri zuten.
Kaltzakortaren eta Arejitaren hitzaldiak entzun eta gero, euskaltzain berriak Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela agindu zuen, eta ondoren euskaltzainburuak diploma eta domina eman zizkion, eta euskaltzain guztiek zoriondu zuten.
Ekitaldi akademikoa amaitu zenean, opari eta oroigarrien unea heldu zen. Hala, Juan Jose Txurrukak, Udalaren izenean, eta Ander Manterolak eta Igone Etxebarriak, Labayru Ikastegiarenean, opari bana eman zioten Kaltzakortari.
Kalera irtetean, aurreskua dantzatu zen.